Goi mailako ekitaldia egin zuen Ikastolen Konfederazioak atzo Zamudioko Teknologia Elkartegian. Ikasturte berriari hasiera emateko eta 40 bat lagunez osaturiko taldeari omenaldi xumea egiteko balio izan zuen; urte zailetan irakaskuntzaren «lan gaitza» egin zutenei, hain zuzen. Aurten curriculuma eta ikasmaterial propioak ardatz nagusi zituen hitzaldia eman zuen Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren aholkulari pedagogiko Xabier Garagorrik; teknologia berriak lagun izan zituen, informazioa modu erosoan zabaltzeko. «Curriculum eta ikasmaterial propioak izatea ikastolen, eta, oro har, euskal irakaskuntzaren garapenerako giltzarria da», nabarmendu zuen.
Curriculuma «erreferentzia» den arren, azken batean, «paper batean geratzen den zerbait» dela jakinarazi zuen Garagorrik: «Irakaskuntzarako nahiz hezkuntzarako, egunerokotasunean irakasleak eskuetan duen tresna, denboraren zati handi batean, ikasmaterialetan oinarritzen da». Hori horrela, azken horiek Euskal Herrian bertan sortuak izatearen garrantzia agerian utzi zuen.
Ideia nagusi horren ildotik, hiru tarte aipatu zituen. Lehenik eta behin, iraganera jo zuen aholkulari pedagogikoak. 1970. urtean sortutako Iker taldeaz eta hark gauzatutako Saioka proiektuaren ekarpenaz mintzatu zen; «ikastoletan eta, oro har, euskal irakaskuntzan oso inportanteak izan ziren».
1974tik 1982ra bitartean Saiokaren bitartez argitaratutako material anitza aipatu zuen, bereziki, testuliburuak. Euskal ikasmaterialgintzaren ibilbidean lehenengoa izan zela gogora ekarri zuen, Oinarrizko Hezkuntza Orokorra oso-osorik hartzen, alegia, sei eta hamalau urte bitarteko ikasleak, baita arlo guztiak besarkatzen ere.
Ekarpen aberasgarriak
Saiokak Euskal Herri osoa hartzen duen curriculum planteamendua egiten duela esan zuen, eta, halaber, euskara batuaren alde egindako apustua goraipatu zuen Garagorrik. Pedagogia ikuspegitik ere, garai hartan eta egun, materiala «oso aurreratua» dagoela azaldu zuen. «Hori meritu handia da», nabarmendu zuen. Saiokaren eta Iker taldearen ekarpenak «haizeak eraman ez ditzan», udaberrirako liburu batean jaso eta plazaratzeko asmoa dute.
Saioka proiektuaren atzean urtez luzez lan egin duten pertsonen aipamena iritsi zen ondoren. Egun hainbat arlotan dihardutenak ziren bertan, hala nola, idazleak, irudigileak edota EHUko irakasle esanguratsuak.
Gaur egunera etorriz, Ikastolen Elkartearen mundutik sortutako ikasmateriala aipatu zuen, eta, hori dela-eta, Euskal Herritik bertatik nahiz Europatik jaso dituen sariak gogorarazi zituen hitzaldian. Era berean, ingeleseko ikasmaterialen arloan eskaintzen den sari berri baten iragarpena egin zuen pedagogia aholkulariak.
Amaitu aurretik, etorkizunari begirako irakurketa egin
zuen. Ohartarazi zuenez, bere curriculum propioa eraikitzen ez duen herriak
nekez ziurta dezake herri horren izaera osatzen duten hizkuntzen eta kulturaren
transmisioa eta biziberritzea. Garagorriren ustez, LOE legearen eraginez, Araba,
Bizkaia eta Gipuzkoako eta Nafarroako curriculum ofizialak prestatzen hasiko
diren unea aukera «paregabea» da Euskal Herrirako «oinarrizkoa eta komuna»
izateko eta lurralde bakoitzeko curriculum ofizialen artean uztarketa egiteko,
bide paraleloak saihestuta. Luncharekin amaitu zuten ikastolen ekitaldia. -