|
|
|
|
|
Mauthausengo kronika grafikoa Gernikako museoan
«Mauthausen, kronika grafikoa» erakusketa ikusteko aukera dago egunotan Gernikako Bakearen Museoan. Mau- thausen eta Gusengo (Austria) kontzentrazio esparruetako irudiak jasotzen ditu. Kataluniako Historia Museotik irtendako bilduma da urriaren 15era arte erakutsiko dutena.
GERNIKA
XX. mendean gertaturiko episodiorik beltzenetako baten isla da erakusketa. Nazien kontzentrazio esparruetan itxita izan zituzten presoek bizi izan zuten egoera lazgarriaren lekukotasuna ematen du.1996ean Amical de Mauthausen elkarteak Kataluniako Historia Museoaren esku utzi zuen bere artxibo historikoaren zati bat, hark gorde zezan. Mauthausengo eta Gusengo kontzentrazio esparru nazietatik hartutako negatibo fotografiko multzo bat zegoen tartean. Elkartea kontzentrazio esparruak ezagutu zituzten Estatu espainoleko deportatu errepublikar ohiek osatzen dute. «Negatiboak ateratzeko beren bizia arriskuan jarri zutenek poztasunez hartuko lukete ekimen hau», nabarmendu dute Gernikako Bakearen Museotik. Kataluniako Historia Museoak jaso zuen funts horren barruan Mauthausengo identifikazio zerbitzuko arduradunek egin zituzten argazkiak daude. 1940. eta 1945. urteen artean ateratako irudiak dira erakusketan ikus daitezkeenak. Gainerako materiala Francesc Boix argazkilari kataluniarrarena da. Mauthausengo esparruaren askapenari buruz egin zuen erreportaje bati dagokio. Mauthausengo esparrua eraiki zuteneko unea erakusten da: patioak, presoentzako barrakoiak eta SSentzako eraikuntzak.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|