Euskal Herrian abiatu den prozesu politikoaren
aurrean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere posizioa finkatu eta haren
berri ematen dio Euskal Herriari agiri honen bidez.
Euskal Herriaren aldeko askapen borrokaren beste une
garrantzitsuetan bezala, oraingo atakan ere euskal preso politikook indar egiten
dugu gure herriaren askatasunerantz garamatzan bidea zabaltzeko. Borroka bidea
baizik ez den ibilbide luze honetan Kolektiboak bere egoeraren eta ahalaren
araberako urratsak eman ohi ditu. Txiki eta zalaparta handirik gabekoak
hainbatetan; kostu pertsonal handikoak besteetan. Kasu orotan, eskuzabalta-
sunez, gure herriarekiko maitasunez eta borroka engaiamendu tinkoz.
Antolakunde, ekinbide eta lan arlo ezberdinetatik
eratorriak izanik, ezaugarri bat dugu amankomunean: Euskal Herri ukatu eta
zapalduaren as- katasunaren alde saiatu izana, borrokatu izana, aldez edo
moldez. Geure burua kolektibo gisa eratzen dugu, gainera, espetxe errepresioari
aurre egite- ko, batetik; eta espetxean ere Euskal Herriaren alde egiten
segitzeko, bestetik.
Kolektibo bat osatzen dugu, beraz, gu geu ondorio garen
gatazkaren korapilo nagusia askatzen laguntzeko. Hau da, Euskal Herriaren
izateko eta erabakitzeko eskubidearen errespetua. Ez bailegoke gurea bezalako
kolektiborik, euskal gatazka politikorik izango ez balitz; ez bailegoke gatazka
politikorik, Euskal Herriaren oinarrizko eskubideak urratuak izango ez balira;
gure herria kultura, nortasun eta egitura politiko arrotz batera biltzeko
saiakera izango ez balitz, azken batean.
Franko aldiaren urte luze eta ilunetan baginen makina
bat euskal herritar atxilotu, torturatu eta espetxeratu. Frankismoarena
ordezkatzera etorri zen erreforma politikoan zehar ere bai. Ondoren inposatu
ziguten autonomia zatikatzailearen aldi luze bezain tamalgarrian ere bagara
euskal herritar asko eta asko izan gara atxilotu, torturatu eta espetxeratuak.
Hala erbesteratuak, nola erailak.
Aldi politiko horiek guztiek eragin dute euskal preso
politikoen izatea. Aldi politiko horiek guztiek ukatu egin baitute Euskal
Herria. Aldi politiko horietan guztietan zehar joan da trinkotzen euskal gatazka
politikoa, beste aro historikoetara ez jotzekotan.
Izan ere, euskal gatazka politikoa konponduko bada,
Euskal Herria aitortu beharra dago. Frantziar eta espainiar estatuek aitortu
behar dute Euskal Herriarena. Gure herriaren zatiketan eta deuseztapenean
oinarrituriko autonomia zale guztiek aitortu behar dute gure herriaren
bizinahia, lurraldetasuna eta autodeterminaziorako eskubidea. Soilik Eus- kal
Herriaren eta euskal herritarren eskubide guztiak biltzen dituen marko
demokratiko baten eraikitzetik etorriko baita gatazkaren konponbidea.
Hortaz, biziki salatzen dugu presoon egoerarekin eta
gure senitartekoen sufrikarioarekin saiatzen ari diren instrumentalizazio
politikoa. Espetxe politika ezberdinak pairatu ditugu azken hogeita hamar
urteetan, zein baino zein krudelagoak. Soriako garaiak, Puertorako espetxe
aldaketa, Herrerako militarizazioa eta gaurdaino aplikatzen diguten dispertsioa.
Espetxe politika horien helburu amankomuna askapen borroka baldintzatzea izan
da. Espetxe politika horien ezaugarri amankomuna eskubide guztien urraketa izan
da.
Porrot egin duten espetxe politika errepresibo horiek
harago eramaten dituzte egun gobernuek, eta bizi arteko espetxealdia ezarri dute
indarrean. Zuzenbidea jipoituz, legediari muzin eginez, mota oro- tako jukutriez
baliatuz, euskal preso politikoon espetxealdia mugagabe luzatzen dute. Aldi
berean, espetxe egoera nabarmen gogortu dute. Doakiola gure lagun eta presokide
Iñakiri besarkadarik beroena une latz hauetan. Jakin dezatela gobernu biek,
ordea, gure Kolektiboaren indarrak segituko duela metaturik Euskal Herriaren
eskubideen aldeko borrokan.
Berriz ere presoona erabiltzen dute askapen borroka
baldintzatzeko. Kasu honetan, gatazkaren muinari heldu eta Euskal Herriaren
eskubide guztiak biltzen dituen markoa taxutu behar duen prozesu demokratikoa
nahi dute desitxuratu, mami politikoaz hustu. «Presoak bakearen trukean»,
«presoak legalizazioaren trukean», espekulazioak presoon espetxe eta tratamendu
aldaketaz, balizko espetxe aldaketa interesatuak... eta antzeko burrunba
politiko-mediatiko guztiak iruzur politiko baten adierazle besterik ez dira.
Euskal preso politikook frantziar eta espainiar
gobernuei ohartarazten diegu:
Ez dugula utziko geure burua erabiltzen gure
herriaren askatasun nahiaren eta eskubideen aurka.
Euskal gatazka politikoa ez dela konponduko guri
aplikatzen diguten espetxe politikaren ondorioz, ez eta preso politikoon
kaleratzearen ondorioz ere, baizik eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren
eskubideak errespetatzearen ondorioz. Hau da, espetxera eka- rri gintuen
borrokaren zioa gaindituta.
Hala ere, egungoa eta gatazka klabean aplikatu
dizkiguten espetxe politika guztiak bateraezinak direla abian den prozesu
demokratikoarekin. Beraz, prozesuak aurrera egingo badu, espetxe politika ere
konponbide demokratikoaren klabean jarri behar dutela.
Horrek esan nahi duela euskal preso politikook
Euskal Herrian batuak izan behar dugula, estatus politiko osoaren, hau da, gure
eskubide guztien jabe. Modu horretan, gure Kolektiboak bideratuko duela bere
ekarpenik biribilena prozesu demokratikora.
Prozesu demokratikoak Euskal Herriaren eta euskal
herritarren eskubide guztiak errespetatzera eta aplikatzera garamatzan heinean,
euskal preso politiko guztiok gure herrira, gure etxera, gure lagun eta senideen
artera, itzuli behar dugula. Edonola, jada behar dute kalean izan gaixo diren
presokideek, eta espetxeal- dia bete eta bakarrik salbuespenezko neurriez
bahiturik segitzen duten guztiek.
Izan ere, gure Kolektiboa urrats berri eta
eragingarriagoak emateko prest dago, gure herriaren askapen bidean aurrera
egiteko, abian den prozesu politikoak euskal demokrazia esparrua ireki dezan
behin betiko. Alta, Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen den proiektu politiko
ororen kontra oldartzen segituko dugu. Hortaz, jai daukate guri errepresiorik
ankerrena aplikatuz, prozesu politikoa nora ezean jarriko dutela sinesten
dutenek.
Deialdia egiten diogu Euskal Herriko emakume eta gizon
orori presio bideak indartzeko aplikatzen zaigun espetxe politikaren kontra,
oraindik ere gatazka klabean erroturik dagoen espetxe politika horren
erantzuleen kontra, eta gure eskubide guztien, hots, gure estatus politikoaren,
alde. Halaber, amnistia osoaren alde.
Deialdi biziagoa, hala ere, egiten diogu euskal herritar
orori Euskal Herriaren aitortzaren alde, gure herriaren eskubideen alde,
lurraldetasuna eta autodeterminazioaren alde lan eta borroka egin dezaten.
Merezi du eta! -
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
2006ko iraila
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa