- Sega
Biltzaileen lanari esker lortu zuten garaipena Zuriarrainek eta Alkortak
·Eguraldi txarra egin arren, giro ederra izan zen 19/98ko auzipetuen aldeko jaialdian
DONOSTIA
Belar biltzaileek erabaki zuten atzo Pikoketan jokatu zen sega saioa. Hala ere, ekinaldia bera baino garrantzitsuagoa zen arrazoia, 19/98 auzipetuen aldekoa baitzen jaialdia. Antolatzaileek, ordea, ez zuten zorterik izan, eguraldia kontra jarri baitzen. 200 ikusle pasatxo batu ziren. Saioaren zatirik handienean ateri egin zuen, baina ordura arte etengabe aritu zen euria, eta horrek jende asko atzeratu zuen.
Saio eraberritua zen atzokoa, nazioarteko era eta betikoa uztartzen baitziren, eta azkenean belar biltzaileen lana ere kontuan hartzen zen, eta haiek izan ziren erabaki zutenak. Biltzaileen taldeek hirugarrengoei kentzen zien aldea kontuan hartzen zen, eta segundoko 200 gramo gehitzen ziren, eta horixe izan zen atzo Zuriarrainek eta Alkortak irabazteko arrazoi nagusia.
Belar kilorik gehien Goikoetxeak eta Kanflankak moztu zituzten, baina biltzaileak belarra biltzen denborarik gehien pasatu zutenak izan ziren, eta amaieran horregatik bigarren amaitu zuten.
Belar kilorik gutxien moztu zuen bikoa Aranalde eta Goiaga izan ziren, baina haien biltzaileak izan ziren azkarrenak; hala ere, azkeneko postuan amaitu zuten atzoko saioa.
Zuriarrain eta Alkorta izan ziren bigarren belar kilorik gehien moztu zutenak, eta biltzaileak ere bigarrenak izan ziren. 71 kilo gehiago batu zituzten horregatik, eta amaieran txapela jantzi zuten. Guztira 3.353 kilorekin amaitu zuten. Goikoetxeak eta Kanflankak 3.336,5 kilo moztu zituzten eta horiekin konformatu behar izan zuten. Aranaldek eta Goiagak 2.836 kilo moztu zituzten, eta biltzaileei esker 94 kilo gehiago ere jaso bazituzten ere, amaieran azken postuan geratu ziren 2.930 kilorekin. Jaia afari batekin amaitu zen.
|