- Aviron
Asko kostata, baina Aviron hasi da irabazten
·Garaipena lortu arren, zuri-urdinek hiru entsegu jaso zituzten, eta horrek kezka sortzen du
AVIRON 25 MONTPELLIER 20
BAIONA
Iritsi da, kostata, baina azkenean heldu da denboraldi honetako lehenengo garaipena. Uste baino jardunaldi gehiago behar izan dituzte horretarako, baina premiazkoak ziren puntu horiek azkenean Jean Dauguerren geratu ziren.Avironek estreinako aldiz jokatu zuen atzo bere zaleen aurrean, bere herrian. Izan ere, orain arte ezin izan du Jean Dauguer erabili, berritze lanetan aritu baitira Baionako zelaian. Etxeko orain arteko partidak Biarritzen jokatu ditu, baina bazirudien lehenengo garaipena zelai berrituan lortu nahi zutela, eta horixe egin zuten. Gainera, denak Dourthe kapitainaren itzuleraren zain zeuden. Denboraldia hasi aurreko partida batean min hartu baitzuen, eta jokatu ezinik egon da ordutik, eta atzo bera itzuli zenean heldu da lehenengo garaipena.
Dourtheren lana
Aviron ez zen gaizki hasi, eta bederatzigarren minuturako aurretik jarri zen, Fraserrek lortutako drop bati esker. Pozak, ordea, ez zuen asko iraun; bi minutu geroago kanpotarrek entsegu bat egin zuten, eta berriro ere orain arteko mamu guztiak agertu ziren zuri-urdinen zaleen artean.Berahala, ordea, apur bat lasaitu ziren, Nuñez-Piossek argentinarrak entsegua egin baitzuen, eta Dourthek transformatu. Hala, berriro ere aurretik jarri ziren, baina asko geratzen zen oraindik jokatzeko, eta euskaldunek lanean jarraitu beharra izan zuten. Hortik aitzinera, gainera, egindako puntu guztiak Dourthek egin zituen ostikoen bidez, eta eskerrak horri, izan ere, atzealdean nahiko kaskar aritu baitziren zuri-urdinak. Kanpotarrek euskaldunek uzten zituzten zuloak ongi topatu zituzten, eta beste bi entsegu ere egin zituzten. Azkenekoa azkeneko minutuan, eta bost puntura jarri ziren. Horrek urduritasun handia jarri zuen bai jokalari bai zaleen artean. Atzealdeko ahultasunaz jabetuta, Montpelierrekoak erasora jo zuten garaipena eman ziezaieken entseguaren bila, baina zuri-urdinen zorionerako, ez zen iritsi, eta Avironek garaipena lortu zuen. Garbi geratu zen Avironek asko hobetu beharra daukala. Atzealdean zulo asko uzten ditu, eta atzo Montpellier baino talde handiago baten aurka jokatu izan balu, seguru puntuak berriro ere ihes egingo zutela. Dena dela, garrantzitsuena garaipena zen, eta hori behintzat etorri zen. Horrek lasaitasun apur bat eman beharko lieke lapurtarrei.
|