- San Miguel Liga - Laredoko XI. Bandera
Castrok Kontxako olatu bikainaren gainean jarraitzen du oraindik
·Ia 20 segundo sartu dizkio Hondarribiari, eta jokatutako azken bost probak irabazi ditu
DONOSTIA Castrok bere ametsetako lainotik jaitsi gabe jarraitzen du Kontxako Bandera eskuratu zuenetik. Atzo, TKE Ligako estropadan, Laredon, beste garaipen bikain bat lortu, eta sekulako nagusitasuna erakutsi zuen. Kortaren mutilek abuztuaren 27tik jokatutako estropada guztiak irabazi dituzte Castro (TKE), Kontxako sailkapen proba, Kontxako bi estropadak eta Laredo (TKE) eta denboraldi amaierara sasoi bete-betean iritsi direla argi utzi dute.
Kantabriarrei kosta egin zitzaien, ordea, lehen aldeak ateratzea. Lehen ziabogan Castrok segundo bakarra atera zion Hondarribiari, baina bigarren luze amaieran La Marinera segundo dezenteko abantaila hartzen hasi zen: 6 Hondarribiari, 14 Pedreñari eta 18 Oriori. Hortik aurrera, Cristian Garmak gidatutako ontzia bakar-lanean aritu zen. Bigarrenarekiko aldeak ikaragarri handitzen joan ziren 17 segundo azken ziabogan eta beste horrenbeste helmugan eta protagonismoa Pedreña eta Orioren arteko lehiak hartu zuen. Azken txanpa ederra izan zen, nahiz eta azkenean Pedreña aurretik sartu. Ohorezko txandak oraintxe bertan Castro koska bat Hondarribiaren gainetik dagoela erakusteko balio izan zuen, baina, era berean, gipuzkoarrek TKE Liga irabazteko inolako arazorik ez dutela izango ikusi genuen. La Marinerak ia 20 segundo sartu zizkion Ama Guadalupekoari, egia da, baina sailkapenean puntutxo bat bakarrik jan dio. Hiru estropadaren faltan hamabi puntuko aldea nahikoa izango zaio Hondarribiari erregulartasunaren txapelketa irabazteko.
Mecos eta eguraldia
Protagonista asko, beraz, Laredon, eta zerrenda horretan ezin ahaztu Mecos eta haizea. Eguraldi eta itsaso zakarrari egin zioten aurre hamabi traineruek, eta horrelakoetan gertatzen den moduan, txandek eta kaleek sekulako garrantzia hartu zuten. Galdetu, bestela, Mecos eta Cabo da Cruzi.
Lehen txandan aritu zen Mecos, Zumaia, Pasai Donibane eta Laredorekin batera. Galiziarrak Telmo Deunen atzetik ibili ziren estropadaren hiru laurdenetan, baina azken luze eta erdian aurrea hartu eta denbora ona egin zuten: 21.06.61. Denbora ona haizeak gora egin zuelako bigarren txandan, eta Arkote, Urdaibai, Zarautz eta Cabok ez zutelako denbora hori hobetzerik lortu. Azkenean laugarren amaitu zuten O Grovekoek, Orio ere aurreratuta, eta seigarren zumaiarrek. Amaitzeko, bigarren txanda Cabo da Cruzek irabazi zuen,
baita ezustekoa eman ere. Urdaibai nagusitasun handiz ibili zen estropada buruan
8 segundo ateratzen zizkion Cabori azken ziabogan, baina azken txanpan
galiziarrek bikain baliatu zuten lehen kaleko bogatxoa, eta bizkaitarrei aurrea
hartu zieten. Estropada atzerapenarekin hasi izanak kalte egin zien bigarren txandako euskaldunei.
Gaur emakumeak ere bai
DONOSTIA Eta Laredoko estropada kaskarraren ostean, euskal ontziei dagokienez, behintzat, TKE Liga berriz ere Euskal Herrira itzuliko da gaur eguerdian. Bermeoko XXIV. Ikurrina jokatuko dute Bizkaiko uretan, eta sailkapen nagusian aldaketarik izan ez denez, txandei bere horretan eutsiko diete. Pasai Donibane, Laredo, Zumaia eta Mecos lehen txandan arituko dira; Zarautz, Urdaibai, Cabo eta Arkote, bigarrenean; Pedreña, Orio, Castro eta Hondarribia, berriz, ohoreko txandan. Zumaia eta Mecosentzat urteko azken estropada izango da. TKEko estropada hasi baino lehen, ordea, emakumezkoen estropada jokatuko dute 11.30ean. Emakumezkoen Hondarribia eta Isuntza traineruek desafioa jokatuko dute estropada eremu berean, baina bi luzetara. Ez da estropada hori jokatuko den lehen aldia, eta jokatu zen azkenekoan Cabo da Cruzeko neskek irabazi zuten.
|