Aimar Olaizolak min hartu du eta agur esan die sanmateoei
·Goizuetarrak zuntz haustura bat du eskuin izterraren atzealdean
DONOSTIA
Aimar Olaizolak min hartu zuen eskuin izterraren atzealdean San Mateo Torneoaren lehen norgehiagokan. Goizuetakoak ziztada bat nabaritu zuen zangoaren atzealdean, eta badirudi zuntz haustura bat izan dezakeela. Proba batzuk egin zituen partidara itzultzeko, baina jarraitzeko gai ez zela ikusita, norgehiagoka bertan behera utzi zuen Otxandorenarekin batera 7-6 irabazten ari zenean Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruizen aurka.Ezbeharra Aimar pilota bat bueltatzera zabalera irten zenean gertatu zen. Goizuetakoak errenka amaitu zuen tantoa eta zuzen-zuzenean aldageletara joan zen. Txema Urrutia sendagileak izterra lotu egin zion, baina Olaizolak ibiltzeko ere komeriak zituen. Egoera ikusita, torneoko neurketa bertan behera utzi zuten eta horren ordez Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek partidatxo bat jokatu zuten 12 tantora Lau eta Erdian. Leitzako aurrelariak 12 eta 8 irabazi zuen. «Aimarrek dioenez etendura txiki bat entzun du mina hartzerakoan, eta, horregatik, zuntz haustura bat izango duela pentsatzen dugu. Astelehenean egingo dizkiogu ekografia eta erresonantzia magnetikoa eta orduan jakingo dugu zein den benetako lesioa eta zenbat denbora beharko duen Aimarrek berriz ere kantxetara itzultzeko», adierazi zuen Txema Urrutia Asegarceko sendagileak Adarragako aldageletan. Aimar ere oso triste zegoen, jokatzen jarraitzea «ezinezkoa» zelako. «Ziztada bat nabaritu dut izterrean. Saiatu naiz proba batzuk egiten, baina ezinezkoa dela ikusi dut. Ibiltzean ere mina ematen dit, atera hortik kontuak!», esan zuen.
Gogorra eta ikusgarria
Edozein pilotarik min hartzea berri txarra da, Olaizola II.a bada are gehiago, eta atzoko neurketa bertan behera gelditzea, zer esanik ez. Lesioa iritsi arte jokatutako 13 tantoak oso ederrak izan ziren, ongi jokatutakoak eta ikusgarriak. Zerbait nabarmentzekotan Oinatz Bengoetxearen lana aipatuko genuke. Leitzakoak sekulako erritmoa sartu zion lehiari eta tanto oso politak ere amaitu zituen 0-3koa airez pilota txokoan utzita eta 7-6koa ezkerrez ireki lehenik eta dejada txokoan botata gero.Lau pilotariak maila ona ematen ari ziren, baina orain ikusi egin beharko da nork ordezkatzen duen Olaizola II.a bihar Titin-Gońiren aurka jokatzeko.
|