Lau hildako eta lau zauritu A-63 autobidean Bidarten
Larunbatean, gaueko hamaikak laurden gutxi aldera, Irundik Baionarako norabidean Bidarteko altueran istripu larria izan zen hiru autoren artean. Kolpeak lau hildako eta lau zauritu eragin zituen, horietako bat larria. Lehen bi autoek aqua-planning egin zuten, eta hirugarrenak kontrola galdu eta zuzenean jo zituen besteak.
BAIONA
Istripua izan zuen hirugarren autoak kontrola zergatik galdu zuen oraindik ez da zehaztua izan, nahiz eta bi hipotesi barreiatzen diren; erregaia isuri zela asfaltoaren gainean, eta bidea egoera txarrean zegoela. Horren erantzuna gaur goizean argituko du fiskaltzak prentsaurreko batean. Atzo arratsaldean autobideko errei bat moztua izan zen Irundik Baionarako norabidean hirugarren autoak kontrola zergatik galdu zuen argitzeko. Horretarako jendarmeak, fiskala eta ASF (Frantzia Hegoaldeko Autopistak) entitateko ordezkariak joan ziren istripua izan zen tokira.Larunbatean gaueko hamaikak laurden gutxi aldera ekaitz bortitzak autobidean sortutako ur putzu handi baten ondorioz auto batek kontrola galdu zuen, eta bide bazterrean gelditu zen. Handik gutxira atzetik zetorren beste auto bati gauza bera gertatu zitzaion, eta lehen autoaren ondoan gelditu zen, aqua planning egin ondoren. Lehen autoko gidariak autobideko jendarmeriara deitu zuen horren berri emateko. Pixka bat geroago hirugarren auto batek kontrola galdu zuen, eta bide bazterrean zeuden bi autoen kontra jo zuen. Lehen bi autoetako bidaiariak hirugarren autoak emandako kolpearen ondorioz hil egin ziren, eta hirugarren autoko lau bidaiariak zauritu egin ziren. Hirugarren autoko gidariaren emaztea larri zaurituta dago Baionako ospitalean. Hildakoen artean Baionako bikote bat dago, 69 urteko gizon bat eta 66 urteko haren emaztea. Hirugarren autoko gidaria atxilotua izan zen edanda gidatzen zuen ziurtatu arte. Lehen frogek gidariak edari alkoholdunik ez zuela hartu frogatu zuten. Gidaria igandean kartzelatik atera zenean zuzenean Baionako ospitalera joan zen emaztea ikustera.
|