GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-09-26
Falangearen zein autodeterminazioaren aldeko mobilizazio bana, U-12an, Iruñean
Urriaren 12an Iruñeak bi manifestazio hartuko ditu. Alde batetik, Falangeak mobilizaziora deitu du «Bai Nafarroari eta Espainiari. Ez Euskadiri zein Zapatero traidoreari» ozen esateko. Beste alde batetik, ordea, eta falangistekin inolako istilurik bilatu gabe, herritar talde batek ere hitzordua antolatu du «faxismo espainolaren aurka», 36ko biktimen alde eta herri honek bere etorkizuna era askean erabakitzeko duen eskubidearen defentsa argia egiteko hiriburuan.

IRUÑEA

«Bai Nafarroari eta Espainiari. Ez Euskadiri zein Zapatero traidoreari». Goiburu horrekin Falangeak manifestaziora deitu du Iruñean urriaren 12rako. Bere web gunean aipatzen denez, hitzordua 13.30ean izango da Autobus Geltokian, eta bukaera ekitaldia Sarasate Pasealekuan izango da, Falangeko agintari den Jose Fernando Cantala- piedraren hitzartzeaz.

Hain zuzen, ultraeskuindarren ustez, Zapaterok «ETAri Nafarroa emateko asmoa du»: «Ez dugulako nahi Nafarroak Gipuzkoako kolonia abertzale batek bezala bukatzea; ez dugulako nahi Nafarroako lur askeetan ikurrina gehiago ikustea airean; ez dugulako nahi PSOEk Nafarroa bere Iparreko ‘kortijo’ bihur dezan; ez dugulako nahi egun bat gehiago ere jarraitzerik Nafarroa Euskadiri lagatzea begiesten duen konstituzio batekin», azaldu dute. Eta horregatik guztiagatik deitu du urriaren 12ko mobilizaziora.

Ekimen ultraeskuindar horrek, ordea, Nafarroari «irain» egiten diola uste duenik ere bada. Herritar talde batek, hala, prentsa adierazpen baten bitartez gogor gaitzetsi zuen atzo Falangearen deialdirako Iruñea bera hautatu izana.

Gainera, ekimena Bigarren Errepublikaren eta Lizarrako Estatutuaren 75. urtemugan, eta Estatu kolpea jazo zenetik 70 urte pasatu direnean ospatzea ez dute begi onez ikusi. Gogorarazi zuten Estatu kolpe haren atzetik hilketa anitz izan zirela, arduradunak ez dituztela sekula epaitu edo zigortu, eta Falangeak hartan protagonismo esanguratsua izan zuela.

«Ofentsiba antieuskalduna»

Herritarren ustez, deialdi falangista «eskuin nafarraren ofentsiba antieuskaldun eta antidemokratikoaren ondorio» da, eta hori azken hilabeteetan areagotu egin dela aipatu zuten, gatazka konpontzeko prozesua Nafarroarentzat arriskua dela aitzakiatzat jarrita.

Horrexegatik, UPNri exijitu diote neurriak hartzeko haren «hordak» kontrola ditzan, orain 70 urte hil zituzten 3.000 nafar baino gehiagoren oroimenari «irain eta probokazioa» egitea ekiditeko. Sarri ezker abertzaleko kideen eskubide demokratikoak ekiditeko ere tinko aritu den Gobernu espainoleko Nafarroako Vicente Ripa delegatuak ere 1936ko Estatu kolpearen «apolojiazko ekimena» ekiditeko eskua sartzerik izango lukeela uste dute.

Nolanahi ere, urriaren 12rako beste manifestazio batera deitu zuten herritarrok. «Faxismo espainolaren aurkakoa, 1936ko (frankismoko zein trantsizioko) biktimen oroimenez, eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea aitortuz bere etorkizuna modu aske batean erabakitzeko eskubidearen aldekoa» izango da hitzordua.

Baina, ekimenak ez du bilatuko istilurik falangistekin, horiek «egiazko eskuinaren tresna baino» ez direla uste dute-eta. «Beren burua demokrata- tzat izan arren, adierazteko eta erabakitzeko eskubidea etengabe urratzen duen eskuinari» nahi diote aurre egin: «Nafarroa bakean utz dezan. Ez dezan jarraitu Nafarroari herritar gehienek ilusioz eta begi onez ikusten duten konponbiderako prozesu demokratikoan dagokion protagonismoa kentzen».

«Nazionalismo espainolaren aurka» irtengo dira kalera, beraz: «1936ko uztaileko Estatu kolpea zein frankismoa inspiratu eta egun herrien autodeterminazio eskubidea ez aitortzea elikatzen duen horren aurka».

«Autoritarismo eta inposizioaren aurrean, demokrazia» goraraziko dute. Bide batez, militarismoaren irudi den Guardia Zibila arbuiatuko du ‘Hispanitate Eguneko’ hitzordu horrek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cadena perpetua y cinismo infinito
Euskal Herria
De Juana continúa en huelga de hambre tras aplicarle potasio después de atarle a la cama
Ekonomia
Muere un joven atrapado por una máquina en Abadiño y suman ya, al menos, 83 fallecidos
Euskal Herria
Los firmantes del Acuerdo Democrático animan a la ciudadanía a exigir la mesa
Mundua
Fuerte espaldarazo a la extrema derecha suiza
Euskal Herria
Prorrogan la condena a otros dos presos vascos, uno de ellos enfermo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss