Petrolio gordina ia dolar bat merkatu da azken astean
Gasolinaren udako eskaria jaisteak, Karibeko urakanek izan dituzten eragin urriek edota AEBen petrolio gordinaren erreserbak igotzeak, besteak beste, petrolio upelaren prezioa 90 ehuneko merkatzea ekarri dute; salneurria azken sei hilabeteetan lehen aldiz 60 dolarretik behera dago. LPEEk 56,12 dolarretan saldu zuen upela ostiralean.
BRUSELA
Petrolio gordinaren prezioa ia dolar bat jaitsi zen atzo, eta azken egunetako beheranzko joerari eutsi zion. 60 dolarretik behera jarri da azken sei hilabeteetan lehenengo aldiz .
Horiek hala, Texaseko “sweet ligh” upelak 59,60 dolar balio zituen New Yorkeko Nymexen, aurreko saioan baino 95 zentabo gutxiago. Bestalde, Ipar Itsasoko Brent upelaren salneurria 93 zentabo jaitsi da Londresko International Petroleum Exchange (IPE) delakoan, 59,48 dolarrera iritsi arte. Petrolio gordinaren merkatze honetan hainbat faktorek izan du zerikusia: Gasolinaren udako eskaria jaisteak, Iraneko krisi nuklearraren aldi baterako eusteak, Karibeko urakanen denboraldiaren eragin arinak, AEBen petrolio gordinaren erreserbak igotzeak eta Bristish Petroleumek Alaskako Prudhoe badian jarduera berriro hasiko duela iragarri izanak.
Joan den ostiralean, gainera, Brentek azken sei hilabeteetako preziorik baxuena izan zuen, upeleko 60,30 dolar, hain zuzen. Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak (LPEE), berriz, eguneko 320.000 upeletan murriztu zuen urteko azken hiruhilekorako petrolio gordinaren eskakizunen aurreikuspena.
Izan ere, LPEEren petrolio upelen salneurria batez beste 57,16 dolarrekoa izan zen joan den astean, hau da, aurreko astean baino 2,37 dolar gutxiago.
Hala eta guztiz ere, 159 litroko petrolio gordin upelak igoera txikia izan zuen joan den asteko ostiralean, eta 56,12 dolarreraino igo zen zehazki. Ostegunean 52,92 dolar balio zituen upelak.
|