Asteburu honetan jokatu diren estropadak ez dira gustukoak izaten arraunlarientzat, segundo bat hobetzeko ordu asko entrenatu behar dituzte eta horrelako estropadetan hasi aurretik, zozketaren bidez segundo asko gal daitezke. Azkenean irabazlearena bakarrik izaten da poza.
Denboraldia bukatu da eta TKEk antolatu duen liga honetan protagonista izan direnen analisia egitea egokitzen da. Goazen, bada.
Hondarribia izan da denboraldi honetako talderik onena, estropadak irabazten hasi zen eta estropadak irabazten bukatu du. Hemezortzi estropada hauetan aldaketa ugari egin arren, oso erregularrak izan dira. Horrek ematen du talde baten benetako balioa.
Castrok arraunlari onenak izan arren, Kontxa inguru horretan soilik erakutsi du errekorrak egiteko ahalmena duen talde baten maila. Beste estropadetan maila ona erakutsi du, baina ez Kontxa garaian erakutsi zuen gaitasun ikaragarri hura.
Oriok bere helburuak bete ditu, ohorezko txandan aritzea eta banderaren bat edo beste irabaztea, alegia. Maila ona eskaini digu denboraldi osoan.
Pedreñak bere urteroko hobekuntzan urrats bat gehiago eman du, eta TKEn bere lehenengo bandera ere irabazi du. Aipatzekoak Getxoko estropada eta hainbat bueltako luze zoragarri.
Baina, nire ustez, meritu handiena daukan taldea Cabo da Cruz da. Aurreneko estropadan beren arraunkera sufritua ikusirik eta egin behar zituzten bidaiak kontuan hartuta, liga honetan gaizki ibiliko zirela pentsatu nuen, baina oso erregularrak izan dira eta gogo handiz eginiko estropadez bete dute denboraldia.
Zarautz oso indartsu bueltatu da goi-mailako ligara, ez nuke esango haiena ezustekoa izan denik, iazko denboraldia ikusita, abisatuta geunden-eta.
Arkoterena, aldiz, ezusteko positiboa izan da. Denboraldi hasieran izandako baja garrantzitsuak kontuan hartuta, ez zuen ematen mailari eusteko gai izango zirenik, baina ez dira helburu horrekin soilik konformatu eta estropada politak ere egin dituzte. Akats nagusia beren irregulartasuna izan da.
Urdaibairi kontrakoa gertatu zaio: taldea indartu arren ez du espero genuen maila erakutsi. Sailkapenaren mutur biak ezagutu dituzte bermeotarrek, garaipena eta azken postua.
Mecosek nabarmen bete du bere lana, hainbat estropadetan trainerua osatzeko arazoak izan zituen eta horrek irregulartasuna eragiten du.
Zumaiak atzetik aurrera eginiko denboraldia osatu du, ekaineko estropadetan nekez egiten zuen arraunean, baina estropadak aurrera joan ahala arraunkera finkatu du eta azkenean Kontxako saria ere lortu zuen.
Laredo errebotez heldu zen TKEra, eta hasierako estropadetan maila ona erakutsi arren, azkenean estropaden poderioz bakoitzak bere tokia aurkitzen du.
Pasai Donibane oso txarto hasi zen eta oso txarto bukatu du. Pena izan da horrelako historia duen talde bat eta etorkizunez betetako tripulazioa goi mailako ligatik kanpo gelditzea. Bide batez, zorionak San Pedroko taldeari eginiko denboraldiagatik eta TKEn aritzeko lortu duen txartelagatik.
Liga honetan gauza positiboak eta negatiboak izan dira, positiboen artean arraunak lortu duen ikusle kopuru handia eta oihartzuna, eta arraunlarien profesionaltasuna beren prestakuntzan.
Negatiboen artean, nabarmentzekoa estropadak antolatzeko garaian izan diren akatsak: estropada eremu irregularrak, atzerapenak, arraunlariek behar dituzten instalazio duinen eskasia... arraunlarienganako errespetu falta, alegia.
TKEn taldeen interesak baino ez dira kontuan hartzen, eta urterik urtera araudia gehiengo baten interesetara moldatzen da, baina arraunlarien beharrak kontuan hartu gabe. Arautegia aplikatzerakoan, arraunlarien betebeharrei dagokienean, oso zorrotzak izaten dira, baina arautegi horretan arraunlarien eskubideak ez dira agertzen.
Badirudi aurten gertatutakoarekin arraunlariak nekatu egin direla, eta elkarte baten beharra ikusi dutela, beren duintasuna babesteko. Arraunlarien ikuspuntutik gauza asko daude hobetzeko kirol gogor honetan.
Erreflexioa egiteko garaia heldu da, eta arraunlarien indarra ezinbestekoa da. -