- Liga Federala
Nafarroak bigarren zatian menderatu du Maule
NAFARROA 17 MAULE 9
DONIBANE GARAZI
Derbiak beti derbi izaten dira, eta zaila izaten da partida handiak ikustea. Horixe da herenegun Nafarroa Behereko hiriburuan gertatu zena. Lehen zatia kaskarra izan zen, bi taldeek ez zuten izan ia entsegu bat egiteko aukerarik ere, eta horrelakoetan ostikoek agintzen dute. Horiei esker, Maule 3-6 aurretik joan zen atseden hartzera. Bigarren zatia hasi eta berehala, zuberotarrek beste zigor-kolpe bat gauzatu zuten, eta 3-9koa jarri zuten markagailuan. Hortik aitzinera esnatu zen etxeko taldea, eta transformatutako bi entseguri esker, garaipena eskuratu zuten. Orain bi taldeak partida bat irabazita eta bat galduta daude. Beste multzoan, Donibane Lohizunek astindu galanta hartu zuen Lannemezanen zelaian, 30 eta 8 galdu baitzuen. Frisonek entsegu bat lortu zuen, eta Urrutik zigor-kolpe bat. Bigarren Mailan, Bokalek 21 eta 13 irabazi zion Sallesi. Taillentoun, Laseron eta Gourdon izan ziren euskaldunen entseguak egin zituzten jokalariak. Capdupuyk bi transformazio egin zituen. Donapaleuk, aldiz, 49 eta 3 galdu zuen La Testeren zelaian. Tauzinek egin zituen Nafarroa Beherekoen puntuak zigor-kolpe bat gauzatu ostean. Hirugarren Mailako emaitzak, berriz, honako hauek izan ziren: Larresoro 18 / Villenauve de Marsan 20; Angelu 36 / Bardoze 3; Haendaia 10 / Mugerre 17 eta Pont-Long 8 / Senpere 8. Herenegun zen jokatzekoa Lembeye eta ASB Baionakoaren arteko neurketa ere, baina euria zela-eta, zelaia ez zegoen erabiltzeko moduan, eta norgehiagoka bertan behera geratu behar izan zen. Orain beste data bat aurkitu beharko dute partida jokatzeko.
|