SAIL OFIZIALA: «Orae doin jung won» (Lorategi zaharra), Im Sang-sook zuzendua
Maitasuna eta idealak, historiaren zurrunbiloan
DONOSTIA
Lorategi zaharra Utopia da, Shangrila, Arkadia zoriontsua. 1980an, diktaduratik iheska zebilen militante ezkertiar batek aterpea aurkitu zuen neska baten baserrian. Baserri hura lorategi zaharra bezalakoxea izan zen biak ala bientzat. Sei hilabete baino ez zuen iraun, ordea, mutilak borrokara itzultzea erabaki baitzuen. Handik gutxira harrapatu eta kartzelan sartu zuten. Barruan hamasei urte baino gehiago pasatu ditu, eta atzera berriz kalea zapaltzen duenean, gauza asko gertatu direla ikusi du. Hori da Im Sang-soo zuzendariak atzo lehiaketan aurkeztu zuen filmaren abiapuntua. Istorioko herrialdea, Korea, urruti dago; jorratzen duen gaia eta aurkezten dituen hainbat egoera, berriz, gertuegi daude, beharbada, zirrararik ez sentitzeko.
«Garai historiko eta egoera politiko jakin batean girotuta dagoen arren, ‘Lorategi zaharra’, oroz gain, maitasun istorio bat da», nabarmendu nahi izan zuen atzoko prentsaurrekoan Im Sang-sook.
Idealen izenean, zorionari uko egin zion protagonistak. Ezertaz damutu den, ez dago jakiterik, baina, behintzat, inork ez dio ezer leporatzen, ezta neska-lagunak ere. «Beharbada maitasuna ezinezkoa zen giro hartan; beharbada, protagonistak halako batean esaten duen bezala, egoera hartan ez zegoen zoriontsu izaterik», adierazi zuen zuzendariak.
|