DONOSTIA
Aita itsasoan hilabetez ibili ondoren Ondarroako portuan egiten zioten ongietorriaz hitz egiten zabaltzen du Kirmen Uribe idazleak Arkaitz Basterrak zuzendutako dokumentala.Mikel Urdangarinek, Kirmen Uribek, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Valverdek New Yorkera egindako bidaian oinarritutako lanaren estreinaldian protagonista guztiak elkartu ziren.
Euskal Herria, euskal kultura eta euskara dira kantari, musikari, poeta eta margolariak erabiltzen dituzten gai nagusiak. Guztiek, ordea, hitz berarekin egin zuten topo; adiskidetasuna.
Basterrak honakoa iritzi zion: «Grabaketarako laguntzaile taldeaz gain, guztion artean sortutako adiskidetasuna izan da garrantzitsuena. Adiskidetasunik gabe, protagonistak ez dio ezer kontatuko kameraren atzean dagoenari; hobe esanda, ez da elkarrizketarik egongo».
Horrez gain, lana oso-osorik bukatzeko hiru urteko tartea
behar izana nabarmendu zuen. 2003an New Yorken egindako grabaketaren erroak atzo
aurkeztu ziren Donostiako Zinemaldian. Eta, berriro ere, adiskidetasunaren
argumentura itzuli zen Basterra. «Hiru urte behar izan ditugu, adiskidetasun
giroan egindako lana izan delako. Grabaketa lagun artean egin izango bagenu
bezalakoa izan da».
Gure herria bere txikitasunean
Euskal Herritik New Yorkerako bidean jarri ziren hiru musikarik, idazle batek eta margolari batek Arkaitz Basterrarekin topo egin zuten Manhatanen. Kirmen Uribe idazle ondarroarrak aski ondo adierazi zuen: «Euskal Herrian 700.000 euskal hiztun bizi gara, eta New Yorkeko auzo batean sar daiteke gure komunitatea. Zer eskain diezaioke auzo batean sartzen den gizatalde batek?». Horixe bera zen “Zaharregia, txikiegia agian” egitasmoarekin lortu nahi zutena. Baita ondo lortu ere.
Bowery Poetry Clubean egindako emanaldiek bertakoen zirrara piztu zuten. Bingen Mendizabalek filmean azaltzen duen bezala, jendeak «bihotzeko musika» du gustuko, eta ez automatikoki akorde batzuen arabera egiten dena.
Bestalde, biolin jotzaile arabarrak euskararekin guztiek dituzten loturak nabarmentzen ditu dokumentalean. «Euskarak eta euskal kulturak batzen gaitu». Horrexegatik, ametsik ba ote duen galdetzean, egunen batean euskaraz hitz egiten jakitea gustuko izango lukeela erantzun zuen.
Mikel Urdangarin euskal kantaria ere Donostiako Principe zineman egindako aurkezpenean izan zen. Gainerako kideek bezala, hark ere Arkaitz Basterrak egindako lana laudorio artean jarri zuen. «Mila gauza pasatzen zaizkit burutik, baina ezin bakar bat airean hartu. Maitasun eta gizatasun handiarekin egindako lana dela esatea besterik ez».
Kirmen Uriberen hitzek aipamen berezia ematen diote dokumentalari. Ondarroarraren poesiek, edota poesia musikarekin uztartzeko modu bitxiek, ukitu berezia ematen diote. Uriberen ustez, poeta medikuaren antzekoa da. «Mediku baten lana gaixoen bizitza luzatzen saiatzea da. Poetak ere antzeko beharra egiten du; gure lana oroimenari bizirik eustea da». Ondarroarraren hitzekin hasitakoa bere hitzekin amaitu zen. Norbaitek ondarroarrez zergatik hitz egiten ez duen galdetuta, dokumentalaren estreinaldia erantzun ondarroar batekin amaitu zuen. Pirritx eta Porrotxen kantu famatuaren antzera, «Matte matte Arkaitz, matte matte zuei, eta matte matte estreinaldia ikustera etorri zareten guztioi».