Biarrizko jaialdi latinoamerikarra abian da
·Gauean egingo dute irekiera ekitaldia, baina filmak goizetik dira ikusgai
Berrikuntzaz beteta dator Biarritz Jaialdia; film eta kultura adierazpideetako ikusgarriak gaur goizean hasi dira hiriko hainbat tokitan. Cita izenarekin ezaguna zen jaialdiak hiriaren izena hartu du bigarren urtez. Aurten iazko arrakasta handitu nahi dute, eta, asmo horrekin, itxiera ekitaldia larunbatetik igandera arte izango da.
BIARRITZ
Biarritz Jaialdia, Latinoamerikako Zinemak eta Kulturak da gaur goizean Lapurdi kostaldeko hirian hasi den kultura ekimenaren izen biribila. Zinema bada ere jaialdiaren adierazle nagusia, gaur bertan hiru erakusketak ateak irekiko dituzte Santa Eugenia kriptan eta Udal Kasinoan. Panamako David Solisen «Arboles y Horizontes», Venezuelako Anabell Guerreroren «Totems â la frontière» eta Txileko Camile Fuzierren «Caleta tortel» erakusketen bitartez gaur egungo arte latinoamerikarra hobeki ezagutzeko aukera izanen da.
Hamabosgarren edizioa egingo duen jaialdi honetan ehun bat film izanen dira ikusgai; film luzeak, laburrak nahiz dokumentalak. Lehiaketaren barnean eta kanpoan aurkeztuak izanen diren filmeez gain, 70eko hamarkadako Txileko zinemaren atzera begirako berezi bat izanen da, eta Federico Luppiri omenaldia egingo diote.
Jaialdiaren antolakuntzan parte hartu duen ARTEk bere egitarau berezia eskainiko du astean zehar. Lau dokumental emango ditu telebista kateak; Paraguairen eta Europako hainbat estaturen arteko koprodukzioa den «Hamaca paraguaya», Carmen Buttaren «Churubamba, le foot au femenin», Jean-Christophe Rosek egindako «Maradonna un gamin en or» eta Txilen Maria Elena Woodekik egindako «La fille du General», hain zuzen ere.
Zuzendari gazteen topaketak bigarren aldiz egingo dituzte aurtengo edizioan. Iaz parte hartu zuten 6 zinemagileetatik Pablo Aguero argentinarra nabarmendu zen bereziki, eta geroztik arrakastak besterik ez ditu bildu; besteren artean, Canneseko Epaimahaiaren saria irabazi zuen «Premiere neige» film laburragatik. 2006ko edizio honetarako berrikuntza bat izanen da: topaketetan bere dohainengatik saritua izatea lortzen duen gazteak 5.000 euro irabaziko ditu.
Hitzaldiak eta literatur topaketak ere izanen dira. Gaur, esaterako, hiriko mediatekan egun guztian hitzaldiak egingo dituzte; hala, XIX. mendeari begirada bat emanen diote garai horretako jakitunen diskurtsoak aztertuta.
Jaialdiaren arima den herrixka gaurtik irekia
BIARRITZ Ekitaldi hertsiki kulturalez gain, urtero legez Latinoamerikako gastronomia dastatu, haien artisautza erosi edota ozeanoaren bestaldeko musika entzuteko aukera ematen duen herrixka izanen da. Gaur irekiko da eguerdi aldera. Gero eta onarpen handiagoa duen zonaldea jaialdiaren arima gisa definitua izan da; zinematik edo erakusketaren batetik atera eta gero ozeanoaren bestaldeko giroa sentitzeko aukera ematen du Biarritzen erdialdean dagoen herrixkak. Janari exotikoak laguntzeko egunero kontzertu bat izango da, eta musika estilo oso ezberdinak entzun ahal izango dira aste guztian. Tempo Forte kubatarrek mambo, rumba edo cha-cha-cha joko dute. Brasilgo Dazaboumbak dantzarako musika sentsual eta herrikoa joko du, eta, aldiz, herrialde berekoa den Zabumba-Ê taldeak herri tradizioaren arima ekarriko du Euskal Herrira. Limako Alinek maitasun poemak kantatuko ditu DJ Fabriciok eta DJ Madgicek jendea dantzarazten duten bitartean.
|