GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-10-01
Julen Murgoitio
Puzka

Blokeo hitza entzuten ari gara behin eta berriz azken asteotan hemengo prozesuaren egoera hizpide den bakoitzean. Blokeoa, mugimendurik ez dela edo; horrelaxe diote behinik behin etxeko eragile politiko, sindikal eta sozial jatorrek. Tira, balizko sukaldeetako ustezko mahaietatik urrun banago ere, ez dut nik uste prozesua blokeo egoeran denik. Inguruan mugitzen denari erreparatzea baino ez daukat zer edo zer mugitzen ari dela sentitzeko. Horra, kasuko, zebra muskuilu arrotz inbaditzaile horrena. Geldi geldika izan arren aurrera ari da muskuilu hori, korrontearen kontra bada ere; Mediterraneo aldean Espainiako armadako ontzi batek utzita edo, Ebroko deltan hasi eta ibaian gora doa apurka-apurka, bazterrik bazter, urtegitik urtegira, ibaiaren ohiko maizterrak diren izaki jatorrei uretan libre bizitzeko eskubidea urratuz. Hurbiletik ikusi ez baditut ere uniformez jantzita imajinatzen ditut muskuiluok, gorria bitan eta tartean horia bakarrean maskorraren azalean margotuta dutela. Eta etxean ditugu jada. Ea behingoz Ebrotik kanpora beren jatorrizko habitateranzko bidean behin betiko jarri aurretik, Garońako zentralaren sabelera sartu eta hango barruko ur-sistema usteltzeko bidean uzten duten! eta, bide batez, Itoiz urtegitzarraren inguruko golf zelaiak ureztatzeko sistemak berak ere herdoiltzeko bidean uzten dituzten.

Muskuiluak hegoaldetik eta muskuluak iparraldetik, irakiarren sindromeak nauka hartuta. Horra, muskuluak agerian kaka kolorezko uniformeak jantzita, gorria bitan eta tartean horia bakarrean margotuta paparrean, kostaldeko errepideetatik eta hondartzetako airetik maniobratan diren horiek. Okadaka husten ari zait barrena arnasa hartzeaz batera. Ez nau harritzen hondartzara bildutako herritar jatorrak puzka egiten ibiliak, ahotik eta atzetik puzka ere, paraxutista madarikatuek lurra Espainia aldean hartu zezaten, lurra bete-betean hartu ere. Kawen riau! Euren soketan urkatu izan balira sikiera! Leku gehiago hegazti jatorrentzat goiko aire eremu horretan! Itsasotik ere hurbildu dira, Armadako ontziak, betiko koloretan. Eta herritar jatorrek hondartzan pankartari eutsita: utzidazu bakean, marinel! Zertara hona eta orain? Azken finean, hiriburuetako aste nagusiekin batera joan ziren zirkuak ere. Orduan? mahatsa biltzera ez dira etorri, seguru nago, neure lurrean profeta ez banaiz ere. Nik uste hauei euskal esaera zaharrarena gertatu zaiela: usoak joan eta sarea heda. Aritxulegiko tiro hotsak joan eta hauek sarea hedatzen geroago etorri. Dena dela, Aritxulegin kaputxadunek irakurritako testuaren azken zatia ni oker ez banago erromatarrak hango meatzeak ustiatzen zeudela esklaboek utzitako mezu zatia da. Ama, ama, zer zaila den euskal etxean helburuak zehaztea! Tira, paraxutistak kostaldean eta tiroak mendialdean, gero eta zailagoa dute hegaztiek euren migrazioak Pirinioetako bazter honetatik egiteko. Pasa eta kontrapaserako bide berriak beharko dituzte horiek, edo Ipar Europan geratu urte osoan klima aldaketaren epeltzea baliatuta. Litekeena da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
«Es indudable que LAB se ha convertido en sujeto para el cambio político y sociolaboral»
Jendartea
«Konbentzituta gaude azkenean ez dela errauste- plantarik egingo»
Kultura
El kurdo Ghobadi y el francés Fougeron compartieron la Concha de Oro
Euskal Herria
«Euskaraz ingo yeu, ingo ńeu» leloak euskaltzale andana bilduko du gaur
Kirolak
El árbitro se carga una noche mágica
Euskal Herria
La izquierda abertzale refuerza su apuesta por la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss