«Euskaraz ingo yeu, ingo ñeu» leloak euskaltzale andana bilduko du gaur
Haurtzaro ikastolako ikasle, irakasle, langile eta gurasoek urte osoan buru- belarri lan egin dute, eta dena prest dago gaur Oiartzunen euskaltzaleen uholdea biltzeko. Kontzertuak, pailazoak, herri kirolak, jolasak... egitarau benetan oparoa izango da bertan, eta iragarritako eguraldi onak ospakizuna biribildu dezake. Hizkuntzarekin konpromisoa berresten duen lelo bitxi baten inguruan bilduko dira euskaltzaleak: «Euskaraz ingo yeu, ingo ñeu».
OIARTZUN
Urte osoan Haurtzaro ikastolako lagunek eta Oiartzungo herritarrek egindako lanaren uzta jasotzeko eguna da gaurkoa, Kilometroak’06 jaialdian. Erroilbideko magalean dena dago prest euskaltzaleen uholdea biltzeko.
Lan horretan buru-belarri aritu dira ikastolako ikasle, irakasle, langile eta gurasoak urte osoan. Festan lortzen duten diruarekin, «espazio fisiko urriak nahitaez eskatzen duen eraikuntza egin» ahal izango dute; arkitekturaren mugak saihestuko dituzte eta eraikin nagusietan lan-espazio berriak jartzeko eta jantokiaren gaitasuna hirukoizteko lanak egingo dituzte.
Zazpi kilometro eskas izango ditu ibilbideak, eta bi aldapatxo salbu, lau-laua izango da, eta errepideko bidea. Oiartzungo bost auzotatik igaroko da: Ugaldetxotik, Iturrioztik, Altzibartik, Elizaldetik eta Arragoatik. Guneak zazpi izango dira.
Sarrera nagusia Ugaldetxon izango da, eta bertan egingo dituzte kontzertu handienak. Banda Bassotti, Desoreka eta The Uski’s (aurretik iragarrita zegoen The Solanosen ordez) taldeek joko dute futbol zelaian egongo den agertokian. Bigarren gunea Iturriotz izango da, bidegorrian. Ondoren, Altzibar dator; auzoko plazan aurkituko dugu gunea, eta Juan Mari Beltran eta Anje Duhalde kantariak izango dira han, besteren artean.
Elizalde gunean, Pikutara, Gozategi, Betagarri, Trikizio... aurkituko ditugu. Haurtzaro ikastola bosgarren gunea izango da, eta etxeko txikientzako gune aproposa izango da pailazoz eta magoz josirik egongo baita. Kirolariek ez dute kale egiteko aitzakiarik Sagarbisti gunea haientzat egin baitute. Azkenik, Martietan, Emetik Bertso kabareta eta Bike Triala izango dira, besteren artean.
Kilometroetako bideoklipeko intxixu eta sorginentzat egun ahaztezina izango da gaurkoa. Herri baten eta bere hizkuntzaren arteko maitasuna islatuko baita gaur Oiartzunen, eta ikastolen lana indartuta, belaunaldiz belaunaldi maitasun hori mantendu egingo da.
Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute
OIARTZUN
Antolatzaileek Oiartzunera joango diren euskaltzaleei garraio publikoan bertaratzeko eskatu diete behin eta berriz. Herrira iristea errazteko asmoz, Euskotrenek zerbitzu bereziak eskainiko ditu gaur, egun guztian: Donostiatik (8.45etik aurrera) eta Irundik ( 9.37tik aurrera) ordu laurdenero izango dira trenak. Eibartik joango diren euskaltzaleek orduro izango dute trena Donostiara, eta Zumaiatik datozenak ordu erdiro.
A-8 autoentzat itxita
A-8ko Oiartzungo bi irteerak itxita egongo dira autoentzat, autobusen joan-etorriak errazteko xedez. Autoz datozenek, beraz, Pasaiako edota Irungo irteeran atera eta N-1etik iritsi beharko dute Oiartzunera.Bertan antolakuntza lanetan ibiliko diren pertsonei eta jarrita egongo diren seinaleei jarraituz, 15.000 ibilgailu ingururentzat prestatutako aparkalekuetara iritsiko dira.
Hamaika atxikimendu Kilometroen alde
OIARTZUN Euskal Herriko eragile ugarik ikastolen aldeko jaialdiari atxikimendua eman nahi izan dio. Haurtzaro ikastolako egoitza nagusia ordezkari politiko askoren topagune izango da irekiera ekitaldian, ohi den bezala. Atxekimendu horietariko batzuk nabarmentzearren, Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak Kilometroetan izango dela jakinarazi du, eta hezkuntza sistema euskalduna, herritarra eta nazionala aldarrikatzen jarraitzeko deia egin dio euskal gizarteari, instituzio nazionalaren ordezkari gorena izanik. Batasunak Euskal Herrian dauden hezkuntza sistemetako eskubideen zapalketa gaitzetsi du, eta, aldi berean, euskararen eta euskarazko hezkuntzaren alde Oiartzunera joateko deia zabaldu du. Euskal Herriak Bere Eskola taldeak jakinarazi du hezkuntza esparruak ikasturtean izango dituen erronkak zabaltzeko 4.000 manifestu banatuko dituela bai gaurko Kilometroetan bai eta Nafarroa Oinez-en ere. «Gure ustez, jaialdi hauetan Euskal Herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema nazionalaren alde egin behar dugu», gogorarazi du.
|