Mikel OLAZIREGI | Zinemaldiko zuzendaria
«Iaz baino sarrera gutxiagorekin ere ikusle kopuru bera lortu dugu»
Hamar egun eman ditu Zinemaldiko eromenaren erdian. Nekaturik zebilen, beraz, atzo, baina pozik, komunikabideen eta zinema aretoetan ibili den jendearen esanetan, edizioak maila ona eman duelako. Sarien berri jakin bezain azkar atera zen prentsa aretotik mikrofono andana bat atzetik zuela. Minutu labur batzuk hartu zituen galdera bakan batzuei erantzuteko, eta ziztu bizian alde egin zuen berriro bere egitekoetara.
Ez du Mikel Olaziregik gustuko Zinemaldiaren azken
egunean protagonismoa bereganatzea. Ez du nahi izaten epaimahaikoei edo
saridunei itzalik egiterik, baina halabeharrez erantzun behar izan zien atzo ere
kazetarien galderei.
Zer-nolako balioespena egingo zenuke bukatu berri den edizioari buruz?
Bukatu den edizioari buruz egin nezakeen balioespena erabat positiboa da. Horren lekuko zarete zuek. 54. edizioari buruzko iritzi oso positiboak eman dira komunikabideetan. Hori da termometrorik onena. Uste dut Sail Ofizialeko film gehienak gustukoak izan direla, baita Zabaltegiko asko ere. Balioespen hori egiteko orduan publikoaren iritzia ere oso garrantzizkoa da, eta publikoaren erantzuna izugarria izan da. Iaz baino sarrera dezente gutxiago izanik ere, iazko sarrera kopuru bera lortu dugu. Bi neurgailu horiek kontuan hartzen baditugu, Zinemaldiaren edizio honi buruzko balioespen oso positiboa egin beharrean gaude.
Iazko edizioa baino hobea izan dela esango al zenuke?
Ez naiz konparaketak egiten hasiko. Zuen egitekoa da hori. Gu urtean egiten diren filmen menpe gaude, eta urte batzuk besteak baino hobeak izan daitezke.
Ez da pixka bat arraroa sari nagusia bi filmeren artean banatu izana?
Epaimahaiak bere arautegia du eta arautegi horretan oso garbi dago sari bat ex aequo emateko eskubidea duela. Baina sari bat bakarrik bana dezake. Aurten film onenaren saria banatzea erabaki du, Urrezko Maskorra biri ematea alegia, eta horren aurrean nik ez dut ezer esanik. Erabateko askatasuna zuen epaimahaiak erabaki hori hartzeko.
Zuri zer moduzkoak iruditu zaizkizu sarituak suertatu diren bi film horiek?
Sail Ofizialean lehiatu den edozein filmek zuen nahiko meritu sari hori bereganatzeko. Horregatik aukeratu zituen Zinemaldiko batzordeak. Epaimahaia maila handikoa zen oso, eta hark har zezakeen edozein erabaki zen niretzat ona, eta halaxe onartu dut.
Beste zinemaldi batzuen lehia saihesteko edo, Donostiako Zinemaldiak datak aldatu beharko lituzkeela aipatu da komunikabide batzuetan. Zer diozu zurrumurru horietaz?
Ez dira zurrumurruak besterik. Zinemaldiko zuzendaritzak behin eta berriz esan du ez dugula horretarako asmorik. Ez dugu datak aldatzeko inolako asmorik. Ez dugu gaia mahai gainean jarri ere egin. Oso gai konplexua da. Badira 30 urte Donostiako Zinemaldia egun jakin hauetan egiten dela. Zinemaldien egutegia arautzen duen erakunderen batek daten auzia erabakitzekotan, gurea baino berriagoak diren beste zinemaldi batzuen egutegia aldatu beharko luke, eta ez gurea. Hori da gai honetaz nik dudan iritzia.
Berriagoak diren zinemaldi horiek, Erromakoak esaterako, itzalik egiten al dio Donostiakoari?
Berrogeita hamalau urte ari gara Donostian zinemaldia egiten. Gorabehera handiak izan ditugu historian; era guztietako egoera politiko, sozial eta ekonomikoak bizi izan ditugu; A kategoria galdu eta berreskuratu egin genuen. Egoera horiek guztiak gainditzea lortu dugu eta ez dut uste zinemaldi berri bat antolatu dutelako gu kikilduko garenik.
Zein izan dira edizio honetan bizi izan dituzun unerik ederrenak?
Ugariak izan dira edizio honetan ere une gozoak. Zuek ere une eder asko bizi izango zenituzten. Arrapaladan igarotzen dira zinemaldi batean horrelako uneak, hain azkar, lehen filmaren emanaldia, “Ghosts”ena alegia, aspaldiko kontua dela iruditzen zait. -
|