Bat beharrean bi Urrezko Maskor banandu behar izan zituen Jeanne Moreau epaimahaiko buruak Zinemaldiaren itxierako galan. Bahman Ghobadik (‘‘Niwemang/Half Moon’’) eta Martial Fougeronek (‘‘Mon fils a moi’’) elkarrekin jaitsi zituzten agertokira eramaten zuten eskailerak. Lehenak, bakeroz jantzita, aurrea hartu zuen, eta gainerako saridunak baino luzeago mintzatu zen mikrofonoaren aurrean, itzultzailea alboan zuela. Bazuen, bada, asko esateko.
‘‘Niwemang/Half Moon’’ pelikularen zuzendariak aitortu zuenez, Donostiara etorri aurretik Zinemaldiaren sari nagusia eramateko moduan zegoelako ustea zuen, baina filmak etorkizunean izango duen zorteari buruz ez ei du hain argi.
Amari eskerrak eman zizkion eta kurduei, «dauden tokian daudela». Jarraian, Kurdistango eta Irango herriei eskaini zien saria. Pozik, sariarengatik, eta, aldi berean, triste zegoela esan zuen. Izan ere, «pelikulak debekaturik jarraitzen baitu Iranen». Zuzendariaren ametsa Kurdistango herriaren ahotsa mundu osora zabaltzea da.
Ernesto alterio aurkezle
Martial Fougeron, berriz, «oso zoriontsu» agertu zen Urrezko Maskorrarekin, agertokitik pasatu ziren gainerako saridunak bezala.Edurne Ormazabal urteroko aurkezleak Ernesto Alterio aktorearen laguntza izan zuen atzoko galan. Patricia Reyesek eman zuen gaueko lehen garaikurra. Lionel Bailliuren (‘‘Fair Play’’) eskuetan utzi zuen Altadis-Zuzendari Berriak Saria.
Jose Saramago idazle portugaldar eta epaimahaikideari Argazkilaritza Onenaren Saria ematea egokitu zitzaion. Nigel Bluck igo zen taula gainera, eta ‘‘Niwemang/Half Moon’’ egiteko hirurogei egunean egindako lan gogorra ekarri zuen gogora.
Gidoi onena zein izan den aukeratzeko bat etorri ziren epaimahaian ziren guztiak, Bruno Barreto brasildarrak nabarmendu nahi izan zuenez. Tom Dicillok (‘‘Deliruis’’), gainera, zuzendari onena izendatu zuten. Donostia izugarri gustatu zaiola esan zuen; bertokoen izateko modua laudatu zuen eta adibidetzat zera aipatu zuen: «Paparazzi-ek ere baimena eskatzen digute argazki bat atera nahi digutenean».
Txalo zaparradarik handiena JuanDiego (‘‘Vete de mi’’) aktoreak jaso zuen. Oso hunkituta igo zen Zilarrezko Maskorraren bila. Gomez Pereirak eman zion. «Uste dut nire bihotza bere lekuan dagoela», esan zuen urduritasunak jota, eta Juan Diego Botto filmean bere semearen lana egin zuena gabe ez zela han egongo nabarmendu nahi izan zuen.
Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorraren bila Victor Sevaux aktorea igo zen, Natahlie Baye (‘‘Mon fils a moi’’) Suitzan baita antzerki lan batekin. Gutun bat idatzi zuen poztasuna adierazteko.
Carlos Sorin ere ez zen esku hutsik joan. Epaimahaiaren Sari berezirekin itzuliko da Argentinara ‘‘El camino de San Diego’’rengatik. Zinemaldiaren 2002ko, 2004ko eta 2006ko ekitaldietan egon da, eta 2008an errepikatzeko prest dagoela esan zien antolatzaileei.
Guztiarekin, hamar eguneko jaialdiari amaiera eman zioten.Oraindik, azken pelikularekin, ‘‘Lonely Hearts’’ekin, Zinemaldia luzatzeko aukera izan zuten Kursaalen. -