Biarritzek etxetik kanpo ezinean jarraitzen du
·Lapurtarrak minutu askotan aurretik aritu ziren markagailuan, baina berriro ere burua makurtu zuten
AGEN 20 BIARRITZ 18
BIARRITZ
Biarritzek ezinean jarraitzen du, eta etxetik at itxura nahiko kaskarra ematen segitzen du; izan ere, atzo ere galdu baitzuen Agenen zelaian. Aste honetan jokatu dituen bi norgehiagokak galdu ditu talde zuri-gorriak. Hala ere, denetan kezkagarriena erasoko jokoa da, ez baitu entseguei esker puntu gehigarri bat ere lortu, eta jadanik bederatzi jardunaldi jokatu ditu.Biarritz azken asteetako itxura aldatzeko asmoarekin joan zen Agenera. Baina gauzak berehala hasi ziren okertzen seigarren minutuan Lievremontek, Biarritzekoaren anaiak, lehen entsegua lortu baitzuen etxekoentzat, eta transformazioa gauzatu egin zuten. Biarritz ez zen kikildu, eta baloiaren jabetza hartu zuen. Partida kontrolpean eraman nahi zuen, eta han zein zen nagusi erakutsi. Jokalariek ez zuten aukerarik entseguak egiteko, baina bai Yachvilik, eta horren hiru jaurtiketek 7-9 aurreratu zuten talde euskalduna oren erdia bete baino lehen. Atsedenerako sei minuturen faltan, berriro ere lapurtarren jaurtitzaileak zigor bat gauzatu zuen, eta 7-12koa lortu zuen. Atsedenera joan aurretik, ordea, etxekoek beste zigor bat gauzatu zuten, eta 10-12 Biarritz aurretik zela joan ziren atseden hartzera. Lapurtarrak ez ziren partida handia egiten ari, baina etxekoak baino gehiago zirela erakutsi zuten, eta horri esker markagailuan agintzen ari ziren. Bigarren zatia bide beretik abiatu zen, eta Yachvilik, beste bi jaurtiketei esker, 10-18koa jarri zuen markagailuan. Bazirudien lapurtarrek puntuak besapean hartuta etxeratzeko modua egingo zutela, baina ez zen horrela izan. Etxekoak esnatu egin ziren, eta baloiaren jabetza hartu zuten. Aurrean lan handia egiten hasi ziren, eta bultzaka-bultzaka, azkenean partidako bigarren entsegua gauzatu zuten, baita transformatu ere. Aurretik Gekezek beste zigor bat gauzatuta zeukan, eta berriro ere aurretik ziren etxekoak, 20-18. Hogei minutu geratzen ziren partida amaitzeko; denbora sobera zegoen zerbait egiteko, baina hortik aurrera aspertzea nagusitu zen, eta zelaian, ezer gutxi. Agenek partidaren kontrola Biarritzi eman zion kontraerasora jokatzeko asmoarekin, eta horixe egin zuten etxeko jokalariek. Biarritz ahalegindu zen, baina entseguko marratik nahiko aparte ibili zen, eta Agenek helburua ongi bete zuen ez baitzuen aparteko arazorik izan. Partidaren amaieran, garaipen garrantzitsua lortuta bukatu zuen. Biarritzek berriro ere ez zuen itxura ona eman.
|