Emakundek bake prozesuak izango ditu mintzagai
·Emakumeen ekarpena aztertuko dute nazioarteko hainbat adituk Donostian
Urriaren 23an eta 24an, Emakundek «Emakumeak bakeak eraikitzen» leloa duen kongresua egingo du Donostian. Bertan nazioarteko aditu ugari izango dira euren herrialdeetako esperientziak aztertzeko. Kongresuaren ondoren, «Euskadiko bakegintzarako gakoak» izango dira eztabaidagai.
DONOSTIA
«Emakumeak bakeak eraikitzen» lelopean, Emakundek Nazioarteko Sare 2006 kongresua antolatuko du Donostiako Kursaal Jauregian datozen urriaren 23an eta 24an.Bertan hainbat herrialdetako adituek Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko, Afrikako, Balkanetako eta Ipar Irlandako esperientziak aztertuko dituzte.Antolatzaileen arabera, kongresuaren helburua emakumeek bakegintza prozesuetan jokatu duten papera aztertzean datza. Era berean, euskal emakumeek Euskal Herriko prozesuan izan behar duten parte-hartze aktiboa bultzatzea bilatuko dute Emakundeko kideek. Kongresuak iraungo duen bi egunetan, bakearen eraikuntza landuko dute teoria feministan oinarrituta. Emakumeek historian zehar bake- aren eraikuntzan egin duten ekarpena aztertuko da, nazioarteko esperientziak gogora ekarrita. Bertan, Israel, Palestina, Kolonbia, Ipar Irlanda, Liberia, Argentina, Serbia eta Kosovoko adituak elkartuko dira euren herrialdeetako esperientziei buruz hitz egiteko. Kongresua egituratzeko garaian bakea eraikitzeko prozesuan dauden uneak hartuko dituzte aintzat. Lehenik gatazkaren une latzenak, negoziazio uneak gero eta adiskidetze eta baketze garaia azkenik.
Ahotsak bertan izango da
Urriaren 23an abiatuko da kongresua eta bertan UNEDeko Filosofia Moral eta Politikoko katedradun Amelia Valcarcel, Bakerako Ikerketen Mintegiko zuzendari Carmen Magallon eta Europako Kontseiluko Berdintasun Batzordeko lehendakari Mindora Cliveti egon dira, beste batzuen artean.Hurrengo egunean, arratsaldean, «Euskadiko Bakegintzarako gakoak» izango da kongresuko gai nagusia eta bertan Ahotsak ekimeneko ordezkariak, Bilgune Feministako kideak, Alderdi Feministako ordezkariak eta beste zen- bait emakume elkartetako ordezkariak izango dira. Kongresuan parte hartzeko izena emateko epea urriaren 16an bukatuko da eta www.sare-emakunde.com-en daude argibideak.
|