GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-10-05
Mikel EGIBAR, Oiakue AZPIRI, Isidro MURGA | 18/98 sumarioan auzipetutakoak
«Elkartasuna hedatzeko eta eskubideen alde egiteko eguna daBat Egin Eguna»
Bat Egin Eguna egingo dute igandean, egitarau zabala izango duen herri jaialdia. Baina baita eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko eta elkartasuna adierazteko balioko duen hitzordua ere. Mikel Egibar, Isidro Murga eta Oiakue Azpiri antolatzaileek azaldu dute bidean geratu diren lagunak eta kide presoak ere gogoan izango dituztela.

Madrilen egonagatik, buru-belarri ari dira igandeko Bat Egin Eguna prestatzen. Haiekin batera, beste lagun asko: 18/98+ ekimeneko kideak, Sakanako bizilagunak... Horiei guztiei, Oiakue Azpirik, Mikel Egibarrek eta Isidro Murgak, auzi- ko gainerako kideek bezala, eskerrak eman nahi dizkiete. Baita hilabeteotan babesa eskaini dieten taldeei eta senide eta lagunei ere. Denak gogoan izango dituzte San Pedroko zelaietan, eta haiekin batera, kide presoak eta bidean geratu direnak.

­Nola sortu zen Bat Egin Eguna egiteko ideia?

MIKEL EGIBAR: Egitasmo hau epaiketa honetan sortutako bi elementutatik jaio da. Alde batetik, auzi honetan bizi dugun egoera gogorraren eraginez, hemen gauden kideen artean elkarrenganako elkartasun handia sortu da. Aurreko egunean Txan Magoak esaten zuen bezala, guztion artean sortu dena zerbait magikoa da. Hori da lehen elementua, elkartasuna. Eta bigarrena da epaiketa honetan hainbeste aldiz aipatu dena; hau da, hemen gaudela eskubide zibil eta politikoak defendatu ditugulako. Bi elementu horiek oinarri hartuta, euskal gizarteari parte-hartzean oinarritutako jardunaldi bat eskaini nahi izan diogu, elkartasunaren oihartzuna hedatu ahal izateko San Pedroko zelaien ingurune zoragarrian, eta eskubide zibil eta politikoen gaineko konpromiso handiago bat bilatzeko. Horregatik, egunaren leloa da «Eskubide zibil eta politikoak. Bat Egin Eguna».

­Diozuen bezala, auzitegian bertan piztu zen ideia hau, baina gero egitasmoa garatu egin da eta jende asko ari da parte hartzen. Nola izan da prozesua?

ISIDRO MURGA: Egitasmoa nahiko azkar garatu zen mundu guztiak zituelako gogoan urte askotan han izan ziren Egin Egunak. Auzipetuen artean gehien-gehienek bizi izan zituzten, eta denek gogoratzen zuten han zegoen guztia, antolakuntza eta halako gauzak. Hor ńabardura bat egin behar da; izan ere, jaialdia oso harrera ona izaten ari da oroitzapen horrengatik, baina aipatu behar da honek dimentsio handiagoa duela, makrosumario honetako auzi guztiak biltzen dituelako eta, Mikelek esan duen legez, eskubide zibil eta politikoen defentsa mahai gainean jarri nahi duelako. Hau esanda, egia da jaia bera historiak emanda etorri zaigula, guztiek dakigulako Egin Eguna zer izan zen. Hortik aurrera, egin beharreko lana izan da makineria guztia berriz ere martxan jartzea, eta, arlo horretan, abantailatxo bat izan dugu, elkartasuna oso handia baita gurekin eta jende asko lanean jarri delako. Alde horretatik, Sakanako bizilagunak bereziki zoriondu behar ditugu, lanaren zati handiena han egiten ari baitira.

M.E.: Gainera, egia da ideia hemen sortu zela, auzipetuen artean, baina ideia hori 18/98+ lan-taldeak bere egin zuen, eta plataforma horrek egin du horrenbeste ahalegin eskatzen duen lan hau.

­Horiek hala, zer aurkituko dugu igandean Bat Egin Egunean?

OIAKUE AZPIRI: Oso egitarau zabala izango du. Egun osorako proposamena da, eta adin eta publiko guztietarako ekitaldiak egongo dira. Goizean, Pirritx eta Porrotx pailazoak, herri kirolak, triki-gunea, kale animazioa eta beste hainbat gauza egongo dira, horietako asko haurrei begira. 13.00ak inguruan, ekitaldi politikoa izango da agertoki nagusian, eta dei egiten diogu mundu guztiari bertan parte har dezan. Agertoki txikian egun osoan Euskal Kutxa baten enkantea egongo da. Eguerdian, mila bat lagunentzako herri bazkaria; eta arratsaldean, berriz, musika, kontzertuak... Ikusten duzunez, denetarik egongo da.

M.E.: Jardunaldi horretan ere, euskal gizarte osoak eta, bereziki, eskubide zibil eta politikoen defentsarekin sentsibilizatuta dauden lagunek, bidean geratutako lagun guztiei egingo zaien omenaldia aurkituko dute, hemen gurekin egon behar zutenak, eta tamalez ez daudenak, bidean geratu zaizkigulako. Haiekin batera, gurekin egongo dira epaiketa honetan dauden kideak, baina zoritxarrez, giltzapean daudenak ez. Omenaldi bat egin nahi diegu, gainera, gurekin batera epaiketa hau sufritzen ari diren pertsona horiei guztiei, hots, gure senide eta lagunei. Gainera, Madrildik elkartasuna eskaini diguten lagun guztiak omendu nahi ditugu, egunero-egunero epaiketara datozenak.

­18/98+ plataforma aipatu duzue, Madrilgo lagunak, Sakanako jendea... Epaiketa hasi zenetik baita jaialdi horri begira ere jasotzen ari zareten laguntza eskertuko duzue.

O.A.: Zalantzarik gabe. Jaialdi hau, adibidez, ezinezkoa izan- go litzateke laguntzarik gabe, eta jende asko eta askoren elkartasunari eta militantziari esker egin ahal izango dira ekitaldi horiek guztiak. Eta berriz ere eskerrak baino ezin dizkiegu eman.

M.E.: Eskerrak lan eginez jardunaldi hau posible egiten dutenei, lagundu diguten udalei eta lan-taldeari. Honekin batera, gogoratu beharra dago elkartasunaren zati bat ere badela elkartasun ekonomikoa, eta egunaren beste helburu bat dela egiten ari zaizkigun lapurreta horri aurre egiteko laguntza lortzea, denok dakigunez, epaiketa hau gastu ikaragarria delako guretzat.

­Askok gorriz azpimarratuta izango dute mila lagunentzako herri bazkari hori. Ez da erronka makala...

I.M.: Ez da erraza mila lagunei ondo jaten ematea, baina esan beharra dago berrogeita hamar lagun daudela inplikatuta lan horretan, bai sukaldean baita antolakuntzan ere. Eta, gainera, esperientzia badute, Egin Egunetan parte hartzen zutelako eta beste herri bazkari askotan egon direlako. Ez da lehenengoa egiten dutena, milakoa, bi milakoa edo gehiagokoa, eta ziurtatuta dugu ondo aterako dela. Erabateko arrakasta izateko, dei egiten diogu jendeari antolakuntzari kasu egiteko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El veto unionista se queda sin oxígeno
Mundua
EEUU recuerda sus condiciones al pueblo palestino y Hamas se arma en Cisjordania
Euskal Herria
Lakua ve «poco realista» la demanda de la izquierda abertzale sobre el euskara
Ekonomia
Langile bat hil da Mungiako galdategi batean, bosgarrena aste batean
Kultura
Hannah Wilke, el cuerpo pionero de la revolución feminista del arte
Mundua
El compromiso del IRA da un nuevo impulso al proceso irlandés
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss