DONOSTIA
X Terra di Siena Film Festivalen sari nagusia lortu dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek “Aupa Etxebeste!”ri esker.
«Batez ere bertako filmei begira antolatutako zinemaldia da, baina bada ‘10 Picola Comedia’ izeneko nazioarteko sail bat, eta hor eman digute saria», adierazi dio GARAri Altunak berak, Italiatik iritsi berriak.
Lehian film onak bazeudela nabarmendu du, esaterako, Corneliu Porumboiuren “Ore 12:08 a est di Bucarest”, Cannesen opera primarik onenari ematen zaion saria irabazi zuena. Sienan, berriz, ikusleen saria bereganatu du.
Sienan ikusi ahal izan da lehen aldiz Italian “Aupa Etxebeste!”. Helburua bertako zinema-aretoetan proiektatzea da. «Ez da erraza aitortu du Altunak, baina jendeak nolako harrera egin dion ikusirik, ez dugu esperantza galtzen».
Sienakoa ez da “Aupa Etxebeste!”k irabazi duen sari bakarra. Donostiako Zinemaldian bertan ikusleen saria irabazi zuen iaz, eta gero, beste bat Alcalan. Nolanahi ere, saririk onena jendeak filmari leku guztietan egin dion harrera izan omen da. Izan ere, filma Mexikon, Londresen, Alemanian eta Shangain ere proiektatu dute. Urriaren bukaeran, berriz, Sao Paulora joango dira Altuna eta Esnal.