Xabier Silveira - Bertsolaria
Nafarroa elebiduna
Miguel Sanz jauna gizon berezia da. Arraroa, esango nuke nik. “Aurreskua” abesten eta “Agur jaunak”-a dantzatzen dakien munduko gizon bakarra. Simpsonetako Burn´s jaunaren anaia jatuna, Barrio Sesamoko drakularen lehengusu gore-a. Hipotenusa eta kateto euskeraz izendatzea ezinezkotzat daukan faxista honi, dirudienez, ez dio inork esan euskeraz kateto, Miguel Sanz esaten dela. Eta euskeraz lau izen gauza bat eta lau gauza izen bakarra izaten diren froga dugu presidentea. Zeren kateto bezela, cacique, cunetero, genocidaŠ Baina goazen elebiduntasunaren sukarraz gozatzera.
Inork zergatik jakin gabe, duela urte batzuk, errepideetako seinale elebidunak erdara hutsez idatzita zetozenengatik aldatzeko agindua eman zuen Sanz-en ekipoak. Orain, inork zertarako ulertu ahal izan gabe, seinale erdara hutsez idatziak elebiduntzeko erabakia hartu du.
Lan honetarako, bere alderdiko (UPN) Euskal Filologian doktoratutako gizon- emakume talde bat osatu du; hasiak dira dagoeneko Hotel Tres Reyes-eko jantokia bulegotzat dutela lanean. Nik, «kontrol erremotoz» gure euskalkian horrela esaten da gidatutako euli bat sartu ahal izan dut beraiek dauden mahaiaren ingurura, eta euliak hegaletan itsatsiak daramatzan miniaturazko bideokamera eta mikrofonoari esker, talde horren nondik norakoen berri jasotzeko aukera izan dut. Jasotako irudiak ikusiz ohartu naiz, seinale elebidunak kendu zituztenean ez zutela kontuan hartu noizbait berriz ezarri beharko zituztenik eta orain ez dira oroitzen herri bakoitzaren bi izenez. Are gehiago, ez dakite zein herriren izena den orain euskalduna eta zein gaztelerazkoa. Lana pilatzen ari zitzaiela ikusita itzultzaile bat gehitu behar izan diote lan taldeari, eta audientzia nazionalean onartu ez zuten bakarra jarri dute Hotelean lanean. Eta ez da batere gaizki etorri bere laguntza, lana azkartzeari dagokionez bederen. Laster egonen dira ikusgai etorkizunean Nafarroako herri batzuen izenek errepide seinaleetan izanen dituzten aldaketa ttipiak. Hona hemen horietako batzuk: Bera/El, Levantefuego/Altsasua, San-guesa/Hezur Donea, Puente- bomba/ Zubieta, Báztan/Askittuk, Noain/ Eztaingo, Imarcoain/Badaingo Inarcoain jartzeko punttuan egon ziren hemen, Puente La Reina/Erre-zubia, E(l)txarri/ Cerdo Vizcainoa, Fuenterrabia/Azken PortuŠ Hara! Kamarero putakume batek nire eulia paretan tatuatu du esku kolpe batez, juxtu Zugarramurdi erdaratu nahian zeudenean. Ze mierda. -
|