GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-05
AHT-ren inguruko ekimenak
AHT egitasmoaren kontrako ekintza bateratua
AHTren egitasmo ofizialaren kontra dauden talde eta elkarte anitzetako kideak elkartu ziren atzo, Hendaian. Ipar Euskal Herrian AHTri buruz egiten ari diren eztabaida publikoa dela-eta RFFko batzorde pribatuak atzo batzar bat antolatu zuen Hendaian, arratsaldeko zazpietan. Ordubete lehenago, 60 bat pertsona elkartu ziren eztabaida murritza dela salatzeko eta AHTren kontra agertzeko.

HENDAIA

Bordele eta Hendaia arteko Abiadura Handiko Trenaren egitasmoaren eztabaida publikoak aurrera jarraitzen du. Baionan eta Biarritzen izandako batzarren ondoren, atzo Hendaiaren txanda izan zen, eta bertan, salgaien garraioa jorratu zuten. Sokoburuko Abadia aretoan protesta egitera joan ziren 50-60 pertsonek beren aldarrikapenak aretoan aurkeztu zituzten, eta gero eztabaidara ere sartu ziren arduradunekin hitz egiteko.

Eztabaida publikoa egiten ari badira ere, elkarretaratzera deitu zuten Ipar Euskal Herriko taldeek benetako eztabaida demokratiko bat eskatu zuten; izan ere, egitasmoak eskaintzen dituen aukerak murritzak dira, eta horietan zentratu behar da, handik kanpoko hauturik egiteko paradarik eman gabe. Aldi berean, ikerketa independenteak egiteko ere eskatu zuten. Hego Euskal Herritik protestara joandakoek «euskaly»aren inposaketa salatu zuten.

Urdazuri-Bidasoa elkartea, Hendaiako Ingurumen Hiritar Egintza (ACE), Biharko Hendaia, Urruñako Herritarrak, Lurra Zain eta Beti Zu izan ziren Lapurdi aldetik deialdia egin zutenak eta eztabaida publikoaren gainean kritika zuzenak plazaratu zituztenak. Hendaiako protesta ekitaldiaren gidaritzan izan zen Urdazuri-Bidasoa elkartea Ipar Euskal Herrian ingurumena babestearen aldeko berrogei bat talde elkartzen dituen CADEren barnean sartzen da, eta horregatik talde horretako hainbat kide ere bertaratu ziren Sokoburuko protestara. Hego Euskal Herritik, AHT gelditu! Elkarlanak ere deialdia zabaldu zuen.

Arrazoiak

Joan den abuztuaren 30ean hasi zen eztabaida publikoaren kontra, hiru puntu nagusi salatzen dituzte Ipar Euskal Herriko elkarteek. Alde batetik, eztabaida bahitu dutela; hau da, Lapurdiko kostaldean trenbide linea berria eginen dutela erabaki zuten mementotik nondik pasatzea nahi den besterik ez dutela galdetzen nabarmendu dute, eta ez dute proposatu existitzen den trenbidea atxikitzea.

Bigarrenik, eztabaida eten dutela ere nabarmendu dute; izan ere, linearen ikerketa egin duen enpresa berritzeaz arduratuko den bera da; hau da, Frantziako Trenbide Sarea (RFF). Horiek hala, ikerketa egin dutenean datuak faltsutu dituztela salatzen dute. Horregatik, ikerketa independente bat egiteko eskatzen dute atzoko elkarretaratzera deitu zuten elkarteek.

Azkenik, epeak ere aipatu zituzten atzo Hendaian bildutakoek. Hasteko, egitasmo ofizialaren aurkarien eta eragileen arteko hitz egiteko denborak oso modu ezberdinean banatu dituztela aipatu zuten. Bestalde, abenduaren 29an bukatuko den eztabaida publikoan orain parte hartzea nahi eta nahi ezkotzat jo zuten. Izan ere, hemendik hiru hilabetera eztabaida bukatuko da; eta bederatzi hilabetera, berriz, erabakia hartuko dute.

AHT gelditu! Elkarlanak Ipar Euskal Herriko taldeen protestarekin bat egin zuen, eta, aldi berean, Bidasoaren bestaldean gertatzen den egoera salatu zuen. Hau da, egitasmoak jende asko kontra badu ere, inongo eztabaidarik egin gabe «euskal y»a inposatu nahi dutela esan zuen, eta horren gaineko atentzioa erakarri nahi izan zuen. Eta aldi berean, parte-hartzean oinarritutako informazio eta erabaki prozesu bat antolatzeko eskatu zuen.

Eztabaida publikoak aurrera jarraituko du. Hurrengo hitzordua hilaren 18an izanen da Donibane Lohizunen. Bilkuran bidaiarien eskualdeko garraioari buruz hitz eginen dute.



Batasunak Euskal Herri osoan eztabaida zabaltzeko eskatu du
Hendaiako Batasuna atzoko protesta deialdira gehitu zen. Aldi berean, Euskal Herri osoan eztabaida zabala egiteko eta herritarrek parte hartzeko eskatu zuen. Kamioiez garraiatutako salgaiak modu basatian emendatu direla aitzakiatzat hartuta, natura eta ingurumena desitxuratzen ari direla salatu zuen talde abertzaleak. Egitasmo horietarako inbertsio erraldoiak egiten ari direla nabarmendu zuen Batasunak. Beste alde batetik, dagoen linea azpi-erabilia dela jakinarazi zuen, eta taldeak ondorioztatu zuen AHT linearik ez dela behar. -



Euskal Herria 2020k iritzia emango du

BAIONA

Lurraldea erakundea osatzen duten Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak Euskal Herria 2020 ekimenaren osoko batzarra egin zuten joan den larunbatean. Batzarrean, ekimenak jakinarazi zuen Bordele eta Hendaia arteko AHTren egitasmoaren gainean, urtea bukatu baino lehen, jarrera bat hartuko duela.

Jarrera hartzea ahalbidetzeko, Akitaniako AHTren eztabaida publikoa kudeatzen duen RFFko (Frantziako Trenbide Sarea) batzordeari informazio bilkura pribatu bat antolatzeko eskatuko diotela jakinarazi zuten. Modu horretan, Euskal Herriko hautetsiek behar diren argibide guztiak eskuartean izan ditzaten.

Jarduera horren bitartez, 1992an AHTren eztabaida plazaratu zutenean izan zen egoera nahasgarria ekidin nahi dute oraingoan. Horiek hala, Euskal Herria 2020 ekimena Bordele eta Hendaia arteko linea berriaren eztabaida publikoaren barnean sartzea posible izango da.

Garapen Kontseiluko presidente eta Baionako Merkataritza Ganberako zuzendari Bernard Darretcheren ustez, Bordele eta Hendaiako linea funtsezko egitasmo bat da, eta horregatik nahitaezkoa da Euskal Herriko hautetsiek iritzia ematea. Darretchek gehitu zuen, gainera: «Jende guztia, Bordelen, Parisen eta Espainian, Euskal Herriaren jarreraren zain daude, beraz, iritzia eman beharko dugu».

Horiek hala, Baionako Merkataritza Ganberako zuzendariak nabarmendu zuen eztabaida ez dela AHTko linea berri baten ingurukoa bakarrik, eremu zabalago baten gainekoa baizik. Izan ere, Darretcheren hitzetan, kamioiez eramaten den salgaia bide alternatiboetatik igortzea, Euskal Herriko higikortasuna, eskualdeko tren espresak eta mugaz gaindiko hiri elkargoen egituraketa ere eztabaidatzekoak dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El veto unionista se queda sin oxígeno
Mundua
EEUU recuerda sus condiciones al pueblo palestino y Hamas se arma en Cisjordania
Euskal Herria
Lakua ve «poco realista» la demanda de la izquierda abertzale sobre el euskara
Ekonomia
Langile bat hil da Mungiako galdategi batean, bosgarrena aste batean
Kultura
Hannah Wilke, el cuerpo pionero de la revolución feminista del arte
Mundua
El compromiso del IRA da un nuevo impulso al proceso irlandés
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss