Bi protesta egin zituzten Urretxuko gazteek utzaraztearen ondorioz
URRETXU
Mobilizazioa egin zuten atzo Urretxuko eta Zumarragako gazteek, joan den asteartean Ezkio-Itsason okupatutako Arantza Etxea ertzainek utzarazi eta gero. Atzo, hemeretzi gaztez osatutako bi talde antolatu ziren. Talde bat batzokira abiatu zen «Ertzaintzaren utzaraztearen atzetik ardura politikoa badagoelako» eta bestea Agip izeneko gasolindegira, gazteen aburuz, okupazioaren kontrako salaketa hango jabeek jarri zutelako.Ertzainak agertu ziren eta gasolindegitik kanporatu zituzten gazteak, inor identifikatu gabe. Gazte Asanbladak utzaraztea gertatu eta gero bilera egin zuen. Mobilizazioak egitea erabaki zuten gazteek eta atzokoa lehena izan zen. Joan den larunbatean okupatu zuten Arantza Etxea Urretxuko eta Zumarragako gazteek. Lau egun geroago, hau da, joan den asteartean, etxea urtetan baztertuta eduki duten jabeak bertaratu ziren etxera, gazteekin mintzatzeko asmoz. Gazteek esandakoaren arabera, etxea saltzeko asmoa zutela esan zieten etxeko jabeek. Badirudi, gainera, okupatzaileen kontrako salaketa jarrita zutela dagoeneko, handik gutxira ertzainak agertu baitziren Arantza Etxean gazteak kanporatzeko asmoz. 17.00ak aldera kanporatu zituzten eta, gazteen esanetan, «atea kolpez ireki eta barrura sartu ziren, nahiko jarrera harroaz». Memento horretan ez zen inor barruan, baina kanpoaldean zeuden gazteak identifikatu egin zituzten poliziakideek. Geroago, gazteek esandakoaren arabera, Arantza Etxeko atea hesiz ixten hasi ziren langile batzuk.
|