Ugandako gerra zibila amaitzeko akordioa, arriskuan
Ugandako Gobernuak LRAren kontrako erasoak berriro hastea erabaki du. Joan den abuztuan adostutako akordioaren arabera, Armadak matxinoen kontrako erasoak eten zituen Gobernuak ezarritako gune «neutraletara» joan ahal izateko. Gobernuak, baina, LRA horretaz aprobetxatzen ari dela uste du.
KANPALA
Ugandako Armadak iparraldean diharduten gerrillarien kontrako operazioak berriro hasi dituela jakinarazi zuen atzo Gobernuak. Joan den abuztuaren 26an, Gobernuak eta Jainkoaren Erresistentziako Armada (LRA) talde gerrillariak bake akordio bat sinatu zuten. Horren arabera, LRAko matxinoek iparraldean zituzten gotorlekuak utzi eta Gobernuak Sudango hegoaldean ezarritako gune «neutraletara» joan behar zuten, bertan elkarrizketak hasi ahal izateko. Horren trukean, Ugandako Armadak erasoak bertan behera utzi zituzten LRAko matxinoen mugimenduak ahalbidetzeko.
LRAren iritziz, Gobernua abuztuko su-etena urratzen ari da, eta denbora handiagoa eskatu zuen gerrillariak Sudango hegoaldera eramateko. Gobernuak, baina, hilabete bat baino gehiago izan dutela argudiatu zuen eta gerrillariek buruan «helburu ezkuturen bat» ez ote duten susmatzen hasi da.
LRAk 3.000 bat kide dituela uste da, eta horietatik erdia baino gehiago legoke, iturri diplomatikoen arabera, Gobernuak ezarritako gune «neutraletan».
LRA talde armatuaren eta Gobernuaren arteko gatazkak hamarkada bi iraun du jadanik eta, lehendik ere negoziazioak izan diren arren, porrot egin dute. Gatazkaren ondorioz, milaka hildako utzi ditu eta milioi bi inguru lagunek euren etxeak utzi behar izan dituzte, gehienak Uganda iparraldean. Kristautasunaren printzipioen izenean borrokatzen direla esan arren, LRAri 20.000 umeren bahiketa eta zibilen kontrako eraso bortitzak leporatu dizkiote. Zibilen mutilatzeak eta neskatilen kontrako sexu erasoak ere eguneroko kontu izan dira gerra horretan.
|