- Euskaltel-Euskadi
Haimarren hamarkada Euskaltelekin
·Kaikun bi denboraldi eman ostean, Dioni Galparsoro bere lehen taldera itzuliko da
GARA
USURBIL
Aurreko egunean, Haimar Zubeldiak taldearekin bi urterako sinatu behar zuen «argazkiaren» berri eman zuen Euskaltel-Euskadik, baina atzo Usurbilen ez zen istant hartako protagonista bakarra izan, ezustean Dioni Galparsoro ere han baitzen. Jakinekoa zen ataundarra taldera itzultzetik gertu zegoela, baina sinadura iragarri gabe zegoen.
Zubeldiak, beraz, hamar urte egingo ditu, kontratua osotasunean betetzen bada bederen, Euskaltel-Euskadirekin, 2008a arte sinatu baitzuen Usurbilen. Aurten ere helburu nagusia Tourra izango badu ere, agian denboraldia beste era batera planteatuko dutela esan zuen. «Goiz da horri buruz hitz egiteko; negua daukagu, baina seguru aldaketak izango direla».
Irizar, beste urtebetez
Haimar Zubeldiak ez ezik, Dioni Galparsorok ere urtebeterako sinatu zuen Euskaltel-Euskadirekin, eta atzo beste biekin Usurbilen ez bazen ere, Markel Irizar oñatiarrak beste denboraldi bat emango du taldean. Kaikuk tropelean jarraitzerik ez duenez gero Oskar Guerrero proiektua aurrera ateratzen saiatu bada ere, mementoz ez du Kaikuren lekua hartuko duen babeslearengatik, ataundarrak duela bi urte utzitako bidea hartu eta berriro ere Euskaltel-Euskadi taldean korrituko du.
Beraz, egun, Laisekaren auzia, Camañorena eta, batik bat, Mayorena ditu Miguel Madariagak. Jakinekoa da Mayok hanka eta erdi taldetik at izan duela; Saunier Duvalekin kontratua sinatua zuela ere argitaratu zuen “El Correo Español“ egunkariak, baina arratiarrak berak ezeztatu zuen «albistea», eta herenegun jakin zenez, Iban Mayok Madariagari deitu zion taldean jarraitzeko kontraeskaintza bat igortzeko.
Lemoizko managerrak atzoko agerpenean adierazi zuen: «Kontraeskaintza nahiko gogorra da; nik ezin dut erabakirik hartu babesleak nor diren jakin barik eta gure artean batzarra egin aurretik».
Dena den, duela gutxi arte Igorrekoa ia taldetik at zegoen; eta, orain, aldiz, Miguel Madariagak eta Igor Gonzalez de Galdeanok eskaini zioten baino gehiago eskatzen badu ere orain arte irabazten zuenaren eta jasotako eskaintzaren erdian egongo lizateke «kontraeskaintza», baliteke Mayok Euskaltel-Euskadirekin jarraitzea.
|