- Joko berria
Trinketeko eta frontoiko pilotariak neurtuko dira Donibane Lohizunen
·Xala, Gonzalez, Ezkurra II.a eta Ozafrain pilotariak ikusi ahal izango dira besteren artean
BAIONA
Bihar abiatuko da, Donibane Lohizuneko joko berrian, bertako pilota torneoa. Joko berrian dagoen lehiaketarik garrantzitsuena izango da hori, bertan bai trinketeko, bai eta frontoiko pilotari profesionalak neurtuko baitira.Joko berriak orain dela 50 urte inguru hasi ziren eraikitzen, ezker paretako eta trinketeko pilotariak batzeko asmoarekin. Aurreko aldea eta ezkerraldea trinket batek dituen bezalakoak dira; atzealdea eta eskuinaldea, berriz, frontoi bat bezalakoak dira. Hala eta guztiz ere, Nazioarteko Federazioak galarazi egin zuen bere garaian han torneoak jokatzea, eta urte askotan ia erabili gabe egon dira. Gaur egun Euskal Herrian oso gutxi dira, Heletan eta Arbonan dira ezagunenak; izan ere, Donibane Lohizunekoa lehiaketa honetarako bakarrik prestatzen baitute. Hala ere, eta batez ere Hego EuskalHerrian, askok eta askok trinket gisa jotzen dute joko berria, baina ez da horrela, joko berria ez da ez trinket bat, ez eta frontoi bat, tarteko zerbait baizik. Pilotan aritzeko beste leku bat da, eta hori argi eta garbi utzi nahi izan zuten antolatzaileek.
Irujoren hutsunea
Torneo horrek izan du azken uneko hutsunea, Martinez de Irujok ezingo baitu bertan jokatu. Logroñoko Torneoan min hartu zuen, eta oraindik ez da osatu, horregatik ezinezkoa du lehiaketan parte hartzea. Haren lekua Xalak beteko du.Antolatzaileek ezker paretako biko bat, trinketeko bi eta misto bat, trinketeko pilotari batekin eta frontoiko batekin osatu dituzte. Bihar 20.00etan abiatuko da lehiaketa lehenengo finalerdiak jokatuta, eta jarraian izango da bigarren finalerdia. Finala, berriz, igandean jokatuko dute 17.00etan. Lehen finalerdian, Xala-Lasa Gonzalez-Ozafrainen aurka neurtuko dira; bigarrengoan, berriz, Sorhuet-Etxeto Larretxea-Ezkurra II.aren aurka. Faboritoak aipatzea ez da erraza izango, pilotari horietako inor ez baita aritzen joko berrian, baina azkeneko urteetan ikusitakoaren arabera, badirudi trinketekoak hobeto moldatu izan direla ezker paretakoak baino. Horregatik, zaleen ustez, Gonzalez eta Ozafrain izan daitezke lehen finalerdiko faboritoak, baina ez dago horren garbi. Bigarrengoan ere zalantza asko daude zaleen inguruan. Dirua Larretxearen eta Ezkurra II.aren alde atera daiteke, baina jendea ez dago horrekin oso seguru, Sorhuetek eta Etxetok biko handia osatzen baitute. Garbi dagoena da jendearen erantzuna, bi egunetan Donibane Lohizuneko joko berria erabat beteta egotea espero baitute, eta badirudi finalerako, gainera, sarrerak lortzea ere ez dela horren erraza izango, antolatzaileak eskari asko ari baitira jasotzen. Horregatik, aldez aurretik telefonoz sarrerak erostea gomendatzen dute. Horretarako, 0559 26 03 16 telefono zenbakira deitu beharko da Ipar Euskal Herritik deitzen baldin bada, eta 00 33 559 26 03 16 telefono zenbakira Hego EuskalHerritik deitzen bada. Aurretik sarrera gordeta izanez gero, azken orduko ezusteak ekiditeko modua izango da, leihatiletan nolakoak eta zenbat egongo diren ezin baita segurtatu, aurrez aipatu bezala, jendea telefonoz sarrera asko erosten ari baita.
Ez da txapeldunen arteko demarik izango
DONOSTIA Donibane Lohizuneko lehiaketa honetan ez da izango trinketeko eta frontoiko bakarkako txapeldunen arteko demarik. Ezkurra II.a, trinketeko txapelduna, bertan izango da, baina ez Martinez de Irujo min hartuta baitago. Pilotazalea irrikaz dago bi txapeldun gazte horien arteko demaren bat ikusteko, baina badirudi hori lortzea oso zaila dela. Bi pilotariak trinketean, Baionako Masterrean izan ziren. Irujok Waltari kubatarra zuen lagun, eta finalean sartu zen. Ezkurra II.a han izango zela uste zen, baina Idiart lagun zuela, finaletik at geratu zen. Beraz, bi txapeldunen arteko lehen neurketarik ez zen izan. Hurrengo itxaropena joko berrian izatea zen; gainera, lekua ere ezin aproposagoa zen trinketaren eta frontoiaren tarteko leku batean izango baitzen. Horretarako, bi pilotariek finalean izan beharko zuten; pilotazaleek horren itxaropena zuten, baina oraingoan ere ez da posible izango. Martinez de Irujok min hartu du, eta berriro ere itxaron egin beharko da. Biak dira oso gazteak, eta segur aski beste aukeraren bat izango da.
|