Kalean da jada tokian tokiko telebistak eratzeko arautegi markoa. Jaurlaritzak mahai gainean ditu kartak. Ordua da proiektuak azaltzen joateko. Bizkaian bada bat: Ibaizabal telebista, Bilbo Metropolitarrerako.
Euskara hutsezko telebista berri bat eratzeko asmoarekin, udaberri honetan sortu genuen Ibaizabal taldea, Bizkaiko Mendebaldean. Euskararentzako erreka berri bat sortu nahi dugu. Zerbitzu-telebista euskalduna eraiki nahi dugu, tokian tokiko telebistak irekitzeko arautegi berriaren aitzakiarekin. Getxotik hasi, eta Enkarterrietaraino, Galdakaotik itsasoraino, horixe da gure eremua. Bizkaiko hiriburuaren babesean, hiriburuan bertan, Meatzaldean, Enkarterrian eta Uriben bizi garen berrehun milatik gorako euskaldunentzako telebista berri bat egin gura dugu: zeure telebista.
Euskarak merezi du telebista berri bat, oso-osoa euskarazkoa. Euskaldunok merezi dugu telebista berri bat, euskaraz hitz egingo diguna lehen hitzetatik hasi eta azkenera arte. Gure herrietako informazioa euskaraz jaso gura dugulako, gure aisia euskaraz bizi nahi dugulako, telebista berri bat sortzeko hautua egin dugu.
Estilo propioko telebista nahi dugu, berton bizi garen guztion ezaugarriak aintzat hartuko dituena. Zabala, askotarikoa, dinamikoa eta se- rioa. Modernoa eta solidarioa. Gure inguru urbanoari neurria hartuko diona eta, era berean, euskararen herriaren lurralde osoa aintzat hartuko duena; gainerako eskualdeetako euskarazko telebistentzat lagungarri eta, ahal dela, eredugarri.
Udaberrian, egitasmoaren lehen urratsa plazaratu genuenean, gogoratuko duzu: gurekin izan genituen Bizkaiko kultura-eragile eta euskaltzale zenbait (Gotzon Ga- rate, Irkus Robles, Txuma Murugarren, Iker- ne Goikoetxea, Miren Agur Meabe, Jose Angel Iribar, Julio Ibarra, Kepa Junkera, Edurne Brouard, Andres Urrutia... eta, hedabideetako espazio-urritasuna dela-eta, izena hemen ez jartzea barkatzen dakiten beste hamaika lagun on). Jende desberdina denak, eitez eta moldez. Denak bat etorrita helburu bati begira: telebista berri bat euskaraz. Horrexek batu gintuen, horrexek batzen eta batuko gaitu.
Behetik gora antolatutako telebista bat eraiki nahi dugu euskararen errekan. Telebista herrikoia. Bizkaiko euskaltzaleak animatu gura ditugu proiektua lantzera, diseinatzera, proektua ez- tabaidatzera, proiektua diruz laguntzera. Gure herrian egitasmo eraikitzaileak horrela egiten dira: denen eskuartzearekin, auzolanean.
Erdu gugaz, erraza da: eragileakhotmail.com
Egin dezagun denon artean euskaraz telebista berri bat. Egin dezagun euskaldunok euskaldunontzako telebista berri bat.
Koldo Zelestino, Jabi Lauzirika, Ainhoa Markinez, Gotzon Hermosilla, Estitxu Garai, Lutxo Egia eta J. Inazio Basterretxea Ibaizabal Talde Eragilearen izenean