Errektore aldaketak markatuko du Mondragon Unibertsitateko ikasturtea
OÑATI
Mondragon Unibertsitateak atzo ireki zuen 2006-2007ko ikasturtea. Oñatiko Santa Ana aretoan izandako ekitaldira bildu ziren Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Jesus Catania MCCko presidentea; Tontxu Campos Lakuako Hezkun- tza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua eta Inaxio Oliveri Mondragon Unibertsitateko errektorea, besteren artean.
Oliverik esanahi bereziko hitzaldia eskaini zuen atzoko ekitaldian. Izan ere, honakoa izango da bere azken ikasturtea, datorren otsailean erretiroa hartuko baitu. Azaroan utziko du kargua eta Josu Zabala Fagor Etxetresna Eletrikoak enpresako egungo gerenteak ordezkatuko du. Otsaila bitartean elkarlanean arituko dira biak, kanpora doan errektorea eta etorri berria.
Bere hitzaldian «Mondragon Unibertsitateak berak sortutako prestakuntza eredua» aipatu zuen Oliverik, «unibertsitateari espezializazioa eta espezifikotasuna ekarri dizkiona». Ikasturteko berritasun akademikoez ere jardun zuen. «Titulazioen egitura berrira egokitutako zazpi master ofizial berriak eta ekintzailetzarekin lotutako programa espezifiko bat garatzea, zeharkako gaitasun gisa sarturik titulazio guztietan», nabarmendu zuen berritasunei dagokienez.
Mondragon Unibertsitatea 1997an eratu zen unibertsitate gisa, nahiz eta haren hiru fakultateak askoz lehenagotik zebiltzan. Hiru ezagutza arlotan dihardu lanean: zientifiko-teknikoan (Goi Eskola Politeknikoa), enpresarenean (Enpresa Zientzien Fakultatea) eta humanistikan (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea). Egun, 4.073 ikasle dabiltza unibertsitate horretan, graduko eta graduatu ondoko prestakuntzan. Bere tasun espezifikoak «enpresarekin lotura estua, ikasleen enplegarritasun handia eta kalitatezko prestakuntza» dira, atzo nabarmendu zutenez.
|