Toki publikoetan erretzeko debekua indarrean jarriko da Ipar Euskal Herrian
Estatu frantseseko lehen ministro Dominique de Villepinek igandean eman zuen aditzera Estatuko toki publikoetan erretzea debekatuko dutela 2007ko otsailaren 1etik goiti. Taberna, jatetxe eta diskotekek lege hori 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera bete beharko dute, eta tarte horretan ostalaritzako lokalek legedi berrira egokitu beharko dute. Erretokiak egin beharko dira; langileak ezin izango dira bertan sartu eta ezin izango da edaririk zerbitzatu.
BAIONA
2004an Italiak eta Irlandak abian jarri zuten toki publikoetan erretzeko debekuari beste estatu bat gehitu zaio, Estatu frantsesa, hain zuzen ere. «Debeku dekretua ondoko egunetan idatziko da eta azarorako prest egongo da», jakinarazi zuen Dominique de Villepinek igandean. Parlamentuko batzorde batek debekua inongo salbuespenik gabe toki guztietan ezartzea gomendatzen bazuen ere, de Villepenek argi utzi zuen atzo ostalaritzako aretoei egokitzeko ia urtebeteko epea emango diela.Egokitzapen lanak oso zorrotzak izango dira. Saltokiek eta lantokiek bakarrik izango dute erretzeko espazioak sortzeko aukera. Gela horiek arau oso gogorrak bete beharko dituzte, izan ere, hermetikoki itxita egon beharko dute eta ke erauzgailu bat eta aireztapen sistema izan beharko dute. Egokitzapen lanak egin ostean, soilik erretokitzat erabili ahal izango dira, eta zerbitzariek ezin izango diete bezeroei ezer zerbitzatu. Legea betetzen ez dutenek isun bat jasoko dute. 75 euro ordaindu beharko dute norbanakoek eta 150 euro saltokiek.
Erretzaileak laguntzeko
Estatu frantseseko Gobernuak erretzaileei tabakoa uzten laguntzeko 100 milioi euro desblokeatuko dituela jakinarazi zuen. «Ez da erraza erretzeari uztea, horregatik erretzaileak lagundu behar dira», adierazi zuen Xavier Bertrand Osasun ministroak.«Txaplatak, gomak eta botikak eskuratzeko aukera izango dutenen kopurua bikoiztuko dugu, 600.000 pertsonatik 1,2 milioira pasatuko gara. Bestalde, tabako-eritasun kontsultak eta elkarteei zuzendutako laguntzak ere bikoiztuko ditugu: ia 100 milioi euroko engaiamendua izanen da urtero», adierazi zuen Osasun ministroak. Tabakoa Estatuan urtero 66.000 pertsonaren heriotzaren eragile zuzena izaten da, eta horietatik 5.000 erretzaile pasiboak direla nabarmendu zuen Xavier Bertrandek. Kontsumitzailea eta Kontsumitzailearen Osasuna Babesteko Europako Batzordeko komisario Markos Kyprianou oso pozik agertu zen Estatu frantsesak hartu duen erabakiarekin. «Dominique de Villepin lehen ministroa eta Xavier Ber- trand Osasun ministroa benetan zoriontzen ditut 2008tik aurrera toki publikoetan erretzea guztiz debekatzeagatik». Kuprianouk gehitu zuen Estatu frantsesa tabakismoaren kontrako borrokan «hasierako tropelean» dagoela, eta «oraindik zalantzak dauzkaten Europar Batasuneko beste kideek gauza bera egiteko kuraia izateko esperantza» agertu zuen atzo.
Tabako-saltzaileen bilkura Parisen protestak antolatzeko
PARIS Estatu frantseseko tabako-saltzaileen elkartea gaur goizean batzartuko da Parisen lehen ministro Dominique de Villepinek igandean egin zituen adierazpenen aurrean kolektiboak abian jarriko dituen ekintzak zein izango diren erabakitzeko. Indarrean jarriko den lege berri honek azken urteetan egoera aski txarrean dagoen tabako-saltzaileen egoera okertuko duen beldur da elkartea. Izan ere, 2003tik tabakoaren salmenta %32 jaitsi da Estatu frantsesean. Azken urteotan tabakoaren prezioak %45 egin du gora Estatuan eta, ondorioz, erretzaileek gero eta gehiago erosten dute tabakoa Europar Batasuneko beste estatuetan. Ipar Euskal Herriaren kasua bereziki latza da, tabakoa oso hurbil saltzen baita merkeago. Lege berri hori indarrean jartzean tabakoaren kontsumoa oraindik gehiago murriztuko den beldur dira. Estatuan, azken hiru urteetan, 1.500 tabako denda izan dira itxi beharrean. Tabako-saltzaileek galtzeko asko dutela esan daiteke, izan ere, gizartearen gehiengoa erretzearen kontrako legearen alde agertu baita. Erretzeko debeku osoa prozesu politiko luze baten barnean sartzen da eta, gaur egun, Estatu frantseseko biztanleen %70 eta %80 artean debekuaren alde agertzen dira. 1991. urtean indarrean jarri zen Evin Legea erretzaileak ez zirenen eskubideak babesteko egin zuten. Enpresetan, eskoletan eta geltokietan errespetatu bazuten ere, arrakasta gutxi izan zuen taberna eta jatetxeetan, askotan ez baitago erretzaileak ez direnentzako tokirik.
|