GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-10-10
Ban Ki-Moon korearrak Kofi Annanen lekukoa hartuko du Nazio Batuetan
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek Ban Ki-Moon korearra izendatu zuten atzo, espero zen moduan, erakundeko idazkari nagusi. Hego Koreako egungo Atzerri ministroa Estatu Batuen begikoa da eta mendebaldeko beste herrialde boteretsuen begirunea ere badu. Diplomazian ibilbide luzea du eta Hego Koreako Gobernuan izan dituen kargu ugarietako batzuk Hego eta Ipar Korearen arteko harremanekin lotuta egon dira.

DONOSTIA

Hego Koreako Atzerri ministro Ban Ki-moonek Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusia izateko izendapen ofiziala jaso zuen atzo. Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek bere alde egin zuten eta, beraz, bere kargua berresteko Batzar Nagusiko 192 kideren onespen formala baino ez da falta.

Ban Ki-Moonek Kofi Annan ghanatarra ordezkatuko du urte honen amaieran. Annan hamar urtez ­bi agintaldi­ izan da karguan. Ki-Moonen agintaldia 2007ko urtarrilaren 1ean hasiko da eta 2011ko abenduaren 31n amaituko da.

Annanen lekua hartzeko ez du korearrak konpetentzia handirik izan, hasierako beste bost hautagaiak bata bestearen atzetik erretiratu direlako. Ki-moon Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorren ­Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Estatu frantsesa, Britainia Handia eta Errusia­ oniritzia bereganatu duen bakarra izan da. Idazkari nagusi izateko nahitaezkoa da boston sostengua izatea. Hori ez ezik, Ki-moon AEBen begikoa ere bada.

NBE 1945ean sortu zenetik, zortzigarren idazkari nagusia izango da Ki-moon eta kargu horretan bigarren asiarra. Lehenengoa U Than birmaniarra izan zen (1961-1971).

Ki-moonek ez du lan erraza izango. Ipar Koreak egin berri duen proba nuklearra dela-eta nazioarteko boteretsuek sortu duten krisialdia, NBEren esku-hartzea Darfurko (Sudan) larrialdian edota Libanon, eta NBEren egitura eta funtzionamenduaren erreforma bera erronketako batzuk dira.



Ameriketako Estatu Batuen begikoa
| PROFILA |

Ban KI-MOON

Jaiotze-data eta sorterria: 1944ko ekainaren 13an, Chungju-n (Hego Korea).

Hezkuntza: Nazioarteko Harremanetan lizentziaduna Seulen eta Administrazio Publikoan masterra Harvarden (AEB).

Karguak: Hego Koreak Indian, AEBetan eta Austrian dituen enbaxadetako buru izan zen. Hego Koreako Gobernuko zenbait kargutan egon da, azkena Atzerri ministro.

Oso argi izan du Ban Ki-moonek gaztetatik zein lanbide nahi zuen. Hemezortzi urterekin, unibertsitateko ikasle zela, Gurutze Gorriko programa bati esker, AEBetako orduko presidente John F. Kennedy ezagutzeko aukera izan zuen Etxe Zurian bertan. Bertan galdetu ziotenean zertan jardun nahi zuen, berak, zalantza izpi barik, diplomazialaria izan nahi zuela erantzun zuen.

Ametsa lortu zuen. Hainbat herrialdetan, hala nola, Austrian, AEBetan eta Indian, Hego Koreako ordezkari izan zen. Gero, Gobernuko erantzukizun handiko karguak ere bete zituen. Aipagarriena eta konplexuena Hego eta Ipar Korearen arteko harreman arloan. Esperientzia horrek egun Ipar Korearen proba nuklearren inguruan sortu den egonezina baretzeko baliatuko duen ikusteko dago, NBEko buruzagitzan aurre egin beharko duen erronka handienetakoa baita.

Batzuek ez dute konfiantza handiegirik erronka horiei inpartzialtasunez aurre egiteko duen gaitasunean. Ibilbide luzea eta sari ugari bai, baina NBEko idazkari nagusi izateko karisma falta duela uste dute bera kritikatzen dutenek.

Horretaz gain, Hego Koreako Gobernuarekiko menpekotasuna egotzi diote eta, zenbaiten aburuz, horrek Japonia edo Txina bere bizilagun boteretsuekin gatazkak pizteko aukera areagotzen du.

Karguari eusteko bere alde, baina, gogor lan egiteko eta «harmonia» bultzatzeko duen gaitasuna eta «zintzotasuna» aldarrikatu ditu Ki-Moonek. Horrekin batera, eta garrantzitsuena, AEBen eta, oro har, Mendebaldeko abegikortasuna du. NBEko buru dagoen bitartean, erakundeak «gutxiago agindu eta gehiago erabaki» behar duela adierazi du.

Arlo pertsonalean, kristaua da, ezkonduta dago eta bi alaba eta seme bat ditu. Ingeles-hiztuna da, eta frantsesez, alemanieraz eta japonieraz ere mintzatzeko gai da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Acompañamiento al proceso vasco
Euskal Herria
Adams advierte «grandes posibilidades de éxito» si existe voluntad política
Euskal Herria
Elkartasuna eskertu eta gizartearen konpromisoa txalotu du De Juanak
Mundua
Corea del Norte hace explotar con éxito bajo suelo su primera bomba atómica
Jendartea
Desalojo policial y derribo del gaztetxe de Burlata
Euskal Herria
La Declaración de los Seis exhorta a las partes a erradicar las causas y efectos del conflicto
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss