Ordiziako Beti Alai pilotalekuetan izanen da bederatzigarren Artisaualdia
Tokiz aldatuko dute Gipuzkoako artisauen azoka: Ordiziako kiroldegitik Beti Alai pilotalekuetara eramanen dute, herriaren bihotzera, kanpotik etorritako bisitariak erdigunera hurbil daitezen eta bertakoek jardunaldiak gertuago senti ditzaten. Ostegunetik igandera bitarte hogeita hamazazpi artisauk erakutsi eta salduko dituzte lanak. Gainera, hamaika aukera izanen da ongi pasatzeko: hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, zozketak, bideo emanaldiak, erakustaldiak eta umeentzako lantegiak.
DONOSTIA
Gabiltza elkarteak eta Ordiziako Udalak etxebizitza hartuko dute ardatz aurtengo Artisaualdian, eta artisautzak gure eguneroko bizitzan duen eragina erakutsiko dute ostegunetik igandera bitartean. Hodei San Buenaventura pasaitarraren ardurapean, etxetxoak, igluak, hormak eta bertze egitura batzuk eraikiko dituzte haur eta gazteek kartoizko kaxa eta puxikekin. Juanjo Ukar Gabiltzako lehendakaria lantegi horien garrantziaz mintzatu zen atzoko prentsaurrekoan: «Urtero-urtero bostehun parte-hartzaile baino gehiago izaten da gisa horretako ekimenetan. Benetan pozgarria da, artisautza belaunaldi berriengana hurbiltzeko modu bat delako».Arantxa Paskual errenteriarraren erakusketak ere harreman zuzena izanen du etxebizitzarekin, ahalik eta artisau produktu gehienekin apaindutako bizilekua sortuko baitu. Bertze erakusketarik ere izanen da: Larraulgo Karlos Irazuk oinen eta barraskiloen arteko erlazioa nola ikusten duen jakinaraziko du. Zuhaitz bat eta bi oinatz ikusiko ditu bisitariak zelai batean, egurrez eta bertze zenbait materialez egindako barraskiloz inguratuta.
Ongi pasatzea
Juanjo Ukarrek erran zuenez, inoiz baino gehiago sustatu dituzte oraingoan bideo emanaldiak. Oficio y arte elkarteak hautatutako sei dokumental izanen dira ikusgai. Horietako batek Legazpiko bailarako burdingintzaren berri ematen du; bertze bat euskal jantziei buruzkoa da, Gloria Sukia debarraren lantegian egina. Feng Shui diseinuaren inguruko azalpenak ere emanen dituzte, eta hitzaldi laburrak eginen dituzte larruaren, zeramikaren, lore lehorren eta kaligrafiaren gainean. Azokatik kanpoko plaza batean, Zuhaiztin, berriz, onddoaren forma emanen dio Karlos Irazuk enbor bati. Hogeita hamazazpi artisau hogeita hamabost gipuzkoar, lau nafar eta arabar bat bertaratuko dira produktuak erakutsi eta saltzera. Baina helburu bakarra ez da salerosketa izanen. «Bisitariek ongi pasatzea nahi dugu, eta zozketa, lehiaketa, trikitilari eta talogileek lagunduko dute horretan», adierazi zuen Ukarrek.
Kalitatea eta garapena
DONOSTIA Juanjo Ukarrek artisautza bizi-bizirik dagoela nabarmendu zuen prentsaurrekoan: «Sektorea aurrera doa, eta horren froga da azokan hainbeste parte-hartzaile berri izatea. Erdia baino gehiago ez zen iazko edizioan izan. Lantegiak sortzen ari dira eta artisautza familiako ekonomiaren oinarri duen jende gehiago dago orain. Jarduera profesionalizatu egin da, gainera: gazteek eskola espezializatuetan ikasi dute eta ongi prestatuta daudela nabari da». Masifikatutako jarduerarekin lehiatu beharra dutela ere aipatu zuen: «Kalitatea eta garapen azkarra dira gure armak».
|