- Areto futbola (Emakumezkoen Ohorezko Maila)
Hegoaldek ezin izan zion hasierako mailari eutsi
DONOSTIA
Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Hegoalde Tolosakoak 2-7 galdu zuen etxean sailkapeneko lehen postuan zegoen Mostoles taldearen aurka. Madrildarrak Liga irabazteko hautagaietako batzuk dira, eta garbi utzi zuten duten maila.
Partida ezin hobeto hasi zen gipuzkoarrentzat, bosgarren minuturako 2-0 aurretik baitziren markagailuan. Aranak lortu zuen lehenengo gola, eta Maiderrek bigarrena. Harena, gainera, sekulakoa izan zen, 40 metrotik lortu baitzuen gola. Madrildarren atezaina aurreratuta ikusi zuen, eta baloia loratuz sareetara bidalia zuen.
Hortxe amaitu zen, ordea, Hegoalderen jokoa, Mostoles erabat nagusitu baitzen hortik aitzinera. Hamargarren minutuan lortu zuten lehen gola, baina atsedena hartzera joan aurretik, 2-4 irabazten ari ziren Mostolesko neskak, eta ia partida erabakita zuten.
Horrek urduri jarri zituen Hegoaldeko neskak, eta hurrengo hiru golak beren atean sartu zituzten Hegoaldekoek, eta amaieran 2-7koarekin amaitu zen partida. Hala ere, Hegoalderen helburua ez da Liga irabaztea, eta larunbatekoa ez zen beren Ligako neurketa. Mailari eustea da tolosarren helburua, eta horretan saiatuko dira.
Honako hauek aritu ziren Hegoalde taldean: Itziar, Maider, Arana, Edurne eta Iguntze. Sara, Emi, Amaia, Ane, Aldezabal eta Berciano ere aritu ziren partidan zehar.
|