- Izotz Hockeya
Heldu da Hormadiren lehen garaipena
DONOSTIA
Kostata, baina Hormadik irabazi du Ligako lehen partida. 5-2 menderatu zuen Chamonix La Barreko izotz jauregian, 1.000 ikusleren aurrean.
Hormadi ematen ari zen itxura zela-eta, jendea kezkatzen hasita zegoen. Galtzeaz gain, oso itxura penagarria eman zuen azkeneko partidan, baina garaipen honek lasaitasun apur bat emango die gorri-berdeei.
Esan beharrik ere ez dago larunbat gauekoa izan dela euskaldunek aurtengo denboraldian egin duten partidarik onena. Lehen minututik gogor ekin zioten partidari, garaipenaren bila hasi ziren, eta lehen zatian heldu zen lehen gola, bigarren minutua bete aurretik, Daramik 1-0ekoa jarri baitzuen markagailuan. Gero ere, euskaldunek nagusi izaten jarraitzen zuten, baina ez zuten kanpotarren atearen aurrean asmatu, eta 1-0ekoarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarrenzatian, Hormadi erabat nagusitu zen, eta ia partida erabaki zuen, beste hiru gol egin baitzituen. Gogor abiatu ziren garaipena segurtatzera, eta hiru gol egin zituzten. Coullary eta Bellier izan ziren golegileak, eta azken horrek bi egin zituen. Hala ere, bigarren atsedena hartu aurretik, kanpotarrek ere egin zuten beren gola. Hirugarren eta azken zatian Chamonixek bigarren gola egin zuen, eta horrek kezka dezente sortu zuen euskaldunen artean. Hala ere, Hormadikoek berdin jarraitu zuten lanean, eta Garboiczek bosgarren gola lortu zuen, eta horrekin batera lasaitasuna ere heldu zen, garaipena segurtatuta baitzegoen.
Amaieran, euskaldunen bolada txarra amaitu zela iragarri zuten Hormadikoek, eta hori horrela den edo ez denborak esango du.
|