BAIONA
Eusebio Calongeren “Los que rien los ultimos” lana estreinatuko du La Zaranda taldeak ostegunean. Andaluziako taldeak jaialdiko antolatzaile Chimeres taldeko kideengana jo zuen beren lan esperimentala Translatines jaialdian aurkeztu nahi zutela esateko. “Les demoiselles de Buenos Aires”en, Même les Anges taldeak Daniel Veroneseren hiru bakarrizketa estreinatuko ditu. Mutine taldeak ere «Frida» lana emango du lehen aldiz jaialdian.
Estreinaldiak ez dira gutxi izango hurrengo astean Baiona, Biarritz eta Angelu inguruan. Jaialdiari hasiera emateko, Kirmen Uribe idazleak Theâtre des Tartufs Bordeleko taldearekin euskaraz eta frantsesez egindako “Bitartean, heldu eskutik” lana aukeratu dute antolatzaileek. Euskal Herrian lehen aldiz emango duten antzezlanaren berezitasuna idazlea agertoki gainean ikusi ahal izatea da. Taula gainean, lirismorik gabeko poesien bitartez, egunerokotasunez eta emozioz beteriko ideiak plazaratuko ditu Uribek.
La Zarandak Translatines jaialdiari eginiko oparitzat har daiteke “Los que rien los ultimos”; izan ere, Andaluziako taldea antzerkiaren poetikaren barnean egiten ari den ikerketaren jarraipena Biarrizko taldearekin partekatu nahi izan duela erakutsi zuen lehen mementotik. Formula estereotipatuetatik at dagoen La Zarandaren antzerkiak gogoeta pizteko gaitasuna izango du berriro ere ostegun gauean.
Daniel Veronese idazle argentinar garaikidearen hiru bakarrizketa taularatuko dituzte Même les Anges Parisko taldeko aktoreek asteazkenean, Biarrizko Udal Kasinoan. “La nuit devore ses enfants” bakarrizketa lehendabiziko aldiz emango dute.
Frida Kahlok biziaren alde izan zuen borrokak Muriel Barra inspiratu du, eta margolariaren izena daraman antzezlan bat osatu du. Biarrizko Koliseoan aktore bat, koreografo bat, musikariak, argiztapen teknikariak eta beste elkartzen dituen taldeak gorputza aitzinean ematen duen antzezlana aurkeztuko du.
Txilek bi ordezkari izango ditu Jaime Lorca eta La Maria taldeekin. Lehenak “Gulliver” antzezlana emango du ostiralean eta larunbatean, Baionako antzokian. Bigarrenak egun beretan hiriko Lauga gelan aurkeztuko du “Trilogia Publikaren” hirugarren parte den “La tercera obra”.
Kataluniako Sergi Faustinok “F.R.A.N.Z.P.E.T.E.R” lanean maitasuna XXI. mendean eta erromantizismoaren mendean nola ikusia den aztertzen du umorez. Marta Galanek “Trilogia zinikoaren” bigarren zatia aurkeztuko du “Machos” jai giroko antzezlanarekin.
Madrildik, “Los 7 suicidios de un gato” aurkeztuko dute Biarrizko Koliseoan, larunbatean eta igandean. Eta Matarile Galiziako taldeak musika eta antzerkia elkartzen dituen “Historia Natural” emango du.
Antolatzaileek hitzaldi-eztabaida bat antolatu dute larunbat arratsalderako, Translatinesen historia oroitarazteko. Jaialdiko zuzendari Jean-Marie Broucaret eta Philippe Hemmert iaz Translatinesen 25. edizioa ospatzeko “¡Festival!” idatzi zuena izango dira.
BAIONA
Ostiral gau berezia antolatu du aurten Translatines jaialdiak Las Marches de l’Ete-rekin batera: Laburraren Gaua. Iraupen gutxiko bost ikusgarri aurkeztuko dituzte Baionako, Biarrizko eta Angeluko hainbat tokitan. Ikusleak toki batetik bestera eramateko autobus bat jarriko dute, eta horregatik kasu eman behar da, 70 pertsonarentzako tokia besterik ez baita izango. Hitzordua Askatasun plazan izango da hamaikak laurden gutxiagotan.
Gaueko hamaiketan hasiko da Laburren Gaua Baionako Gaztelu Berrian, Les Marches de l’Eté taldeak aurkeztuko duen “Bout de table” lana emanda. Sergi Faustino katalanak “01 h 20 mn” sorkuntza aurkeztuko du lehen aldiz gure artean.
Dantzari bere tokia emango dio Paloma Diaz andaluziarrak “Tanzabend” ikusgarriarekin. Zirkuak emango dio jarraipena gauari Cridacompany kataluniarraren “C’est pas mort, ça bouge pas” maitasun istorioa aurkeztuta.
Baiona eta Angelu utzi eta gero, Biarrizko Decouvertes aretoan bukatuko da gaua Herve Rigauden musikarekin. Lehenengo kantuen «Meprise»a egingo du.