Andra zahar bi zihoazen atzo nire aurrean jesarrita autobusean. Honetaz eta hartaz aritzen ziren, lasai berbetan, bidaia luzea entretenitzearren. Zenbaitek pentsatu ez bezala, ez ziren txutxu-mutxu kontuak, baizik eta zerbait askoz sakonagoa. Bizitzaz aritu ziren. Euren bizitza propioak, bidetik gelditu diren lagunenak, urteek ekarri dieten guztiaz, eta ekarri ezin izan dietenaz.
Autobusak belaunaldien metafora argiak dira. Banaketa kuriosoa gertatzen da sarritan bertan: aurrean zaharrak jesartzen dira eta gazteak atzeko partean beti. Gazteek atzetik begiratzen diete, beraz, zaharrei, atzetik datozelako, bizitzan bezala.
Gazteek pentsatu ohi dute zaharrek baino gehiago dakitela, euren bizitzak ezberdinak izango direla, gehiago aprobetxatuko dituztela, ez direla edozerekin ados geldituko, topera biziko dituztela. Ez dira konturatzen gaurko zaharrek lehengo gazteak zirenean gauza bera pentsatzen zutela, bere gurasoak baino zoriontsuagoak izango zirela, alegia.
Baina zoriontasuna gaitza da topatzen. Puntu txiki eta laburra besterik ez da, diskonformidade eta konformidadearen lerro hain dibergenteak batzen diren puntu ñimiñoa da zoriontasuna.
Norberari tokatzen edo suposatzen edo egokitzen zaionarekin ados ez egoteak indarrak ematen ditu beste zerbaiten bila abiatzeko. Horixe da zerbait hobeagoa lortzen ahalegintzeko bultzatzen gaituena. Bestela, ez genuke aurrerapausorik egiteko premiarik igarriko.
Baina indar huts horrek ez liguke sekula zoriontasunik ekarriko, zerbait lortutakoan, beti agertzen delako gogoen aurretik zerbait desiragarriago, liluragarriago, zoragarriago. Eta ez bakarrik kontu materialetan, baizik eta harreman, lan, bizileku, inguru eta abarrei dagokienez ere. Joera izaten dugu askotan ez egindakoari garrantzi gehiago emateko, ondo egin dugunari baino. Konformatzen ere jakin behar da daukagun guztiaz noizbait gozatu eta pozteko.
Horrexek suposatzen dut banatzen dituela batzuetan autobusak: horretaz jabetu direnak eta, sakatu bitartean, oraindik atzeko partetik begira ikasi behar dutenak. Baina denak puntu txiki eta labur hori ahalik eta gehien iraunarazteko asmoaz.
Beste batzuok, ikusten duzuenez, filosofatzen galtzen dugu batetik besterako bidaien denbora, horrek ere zerbaiterako balioko bailuen. -