GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-14
Mikel Irastortza - EHEko kidea
Hamaika izango dira

Hamaika izan dira, dira eta izango dira Euskal Herrian euskararen normalizazioa lortzeko bidean euskal jendartetik abian jarri eta garatuko diren egitasmoak. Izan ere, euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra, ez dago desagertua izateko arriskutik kanpo. Are gehiago, bi estatu boteretsuren legeen barneko politiken atzaparretan dago gure hizkuntza, eta bide batez, ez dezagun ahantzi, euskaldunok. Egiturazko egoera horrek gure eskubideen urraketa sistematikoa dakar euskararen lurralde osoan. Eta gainera, gure lurretatik haratago begira jarriz, ezin esan daiteke geroa baikortasun osoz begiratzeko arrazoi larregirik dagoenik. Baina euskaldunak berez gara baikorrak, eta zer esanik ez, egoskorrak. Euskal Herria maite dugu, euskara maite dugu eta euskaraz bizi- ko den herri aske batekin amesten eta sinesten dugu. Horixe da gure borrokaren motibazio eta xede nagusia. Gure lur eremuaren, hizkuntzaren, kulturaren eta funtsean, gure identitatearen alde egiten dugu eta gure herriaren biziraupena eta garapena ziurtatzeko egitasmoak hamaika izan dira historian zehar. Eta etorkizunean ere izango dira.

Bide horretan sortu berri da Hamaika TB. Ikuspegi, izaera eta kultura ezberdinetako eragileak bildu, euskararen beharrak aztertu eta telebistaren mundu zabal, zail eta lehiakorrean euskarari hauspo berri bat eman nahian. Funtsean, Euskal Herri euskaldunaren xedeari begira beste urrats garrantzitsu baten atarian gaudela esan dezakegu. Eta zorionez, egitasmoaren aurkezpenaren ondotik, ilusiozko eta gogozko ahots ugari entzun dugu.

Ilusio hori ez itzaltzea garrantzitsua izanik ere, ezin dugu ahaztu euskarak pairatzen duen egoera kezkagarria eta horixe izan behar da gure irakurketaren abiapuntua. Hedabideen esparrura hurbilduz, egia da azken urteotan euskarazko hedabideak ugaldu direla eta bereziki euskal jendartearen gogoan eta borrokan topatuko dugu horien jatorria: euskarazko nazio egunkariaren sorrera, tokiko egunkariena, tokiko aldizkariena, irratiena eta beste. Administrazioak, aldiz, kasurik onenean laguntzarik eskaini dutenean, atzetik etorri dira eta ez dira inoiz euskararen garapena hedabideetan ziurtatzeko neurriak jartzeko gai izan. Hedabideek erdara hutsezko eskaintza eginez gero, bada aurrera, bakoitzak ikusiko du zer egiten duen. Eta euskarazko eskaintza zabaltzeko borondatea egonez gero, lagundu beharrean, traba ugari jarri izan dute. Azken batean, ez dira inoiz aitzindari izan, baina ezta bidelagun zintzo ere. Hedabideen esparruan bezalaxe, beste esparruetan ere berdintsu. Bien bitartean, telebista, aldizkari, irrati eta egunkari gehientsuenak erdarazkoak dira. Guk euskarazko hedabide eta egitasmo bat abian jartzen dugunerako, ordurako ehunka hedabide eta egitasmo erdaltzaleren hedapenarekin topo egiten dugu. Horixe da errealitate gordina, eta neurri eta exijentzia maila igotzen ez dugun artean, halaxe izango da. Honek garbi erakusten du Euskal Herrian indarrean diren lege eta hizkuntza politikek euskararen normalizazio prozesuan orain arte ekarri duten porrota.

Baina goazen egitasmo berriari erreparatzera eta horren alde egitera. Egin den urratsa euskararen berreskurapenaren ikuspuntutik garrantzitsua dela aipatu dugu. Baina era bere- an, nabarmentzekoa da norbere ikuspegitik edo interesetatik haratagoko ariketa egiteko ahalegina egin dela. Oso posible da bakoitzak interes propioak izatea. Baina horien gainetik indarrak metatuz, euskarak eta Euskal Herriak behar dituzten proiektu komunikatibo berriak abian jartzea da baloratu beharrekoa. Izan ere, Euskal Herriak etorkizuneko erronkei herri gisa aurre egitea ezinbestekoa da. Eragile bakoitzaren egitasmoak bazterrean utzi gabe, gure herriak bizirik irauteko eta garatzeko dituen beharrak aztertu eta horiek abian jartzeari ekitea beste biderik ez dugu. Norbere proiektuetatik Euskal Herriak behar dituen proiektuetara igarotzeko pausoak emanez. Herri indarrak artikulatu eta eragileok zein herritarrok elkarlanean eta auzolanean aritu behar dugu eskuz esku.

Proiektu berriak euskararen normalizazio prozesuari ekarpena egin behar dio, baina era berean, Euskal Herriaren egoerari buruzko ikuspegi ezberdina ematea ere premiazkoa izango da. Orain arte, telebistaren esparruan, tokiko telebista zenbaitez gain, ETB izan da kate nagusia. Guztiok ezagutzen ditugu telebista horren gabezia nabarmenak, bai hizkuntzaren sustapen eta normalkuntzari egin beharreko ekarpenaren ikuspegitik eta zer esanik Euskal Herriari buruzko lerro- ari dagokionez. Interes politiko eta ikuspegi ideologiko oso zehatzera lerrokaturiko telebista horrek ez die Euskal Herriaren eta euskararen interes orokorrei erantzuna eman. Bertatik zer ikasia egongo denik ez dugu ukatuko, baina zalantzarik gabe, ETBren esperientziak ezin du inolaz ere abiapuntua izan. Euskal Herria eta euskararen egoera, interesak, beharrak eta garapena izan behar dira abiapuntu nagusi.

Gure etxearen eraikuntzan harriak jarriz bagoaz. Euskal Herriak behar duen nazio telebista euskalduna oraindik urrun dagoen ametsa da, baina bide horretan pauso berriak ematea denoi dagokigu. Orain lehen harria jarri bada ere, iparra begi bistatik galdu gabe harriz harri joan beharko dugu. Euskal Herriaren alde euskaraz informatuko duten hedabideak behar ditugulako, guztion konpromisoak areagotu eta aska dezagun aspalditik gure eskubideak estutzen dituen soka. Aukerak hamaika izango dira. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El abrumador respaldo a la mesa de diálogo desborda los discursos de los partidos
Euskal Herria
Batasuna tilda de «maniobra de despiste» las palabras de Rodríguez Zapatero
Euskal Herria
La Ertzaintza detiene en Gasteiz a dos jóvenes a los que imputa «kale borroka»
Ekonomia
Nobel para el banco de las mujeres pobres
Mundua
El Acuerdo de Saint Andrews sienta las bases para la reinstauración de las instituciones
Euskal Herria
El Estado español suspende otro examen sobre torturas de la ONU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss