GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-14
Frantziskotarren Donapaleuko etxea betiko itxi dute
Frantziskotarren eta Donapaleuren arteko lotura historikoa betiko eten da aste honetan. Fraideak joan den urteko urrian abiatu ziren, baina frantziskotarren eta Herriko Etxearen desadostasunaren gainetik, Zabalik elkarteak bertan lanean jarraitu du osteguna arte. Historia luze horren azken garaiak ilunak izan dira.

Frantziskotarrek betiko hustu dituzte Donapaleuko bazterrak. 2005eko urrian, bertan zeuden azken bi fraideak abiatu ziren, eta Zabalik elkarteak joan den osteguna arte jarraitu zuen erromesak, ahal gutxiko familiak, ikasle gazteak eta aterperik gabeko jendea jasotzen.

Baina ostegunean, azken eguna zutelarik, gakoak itzuli eta etxea utzi zuten, eta, modu horretan, 1993an bertako fraideekin abiatu lana guztiz desagerrarazi dute. Alta, Donapaleu herriak eta frantziskotarrek historian lotura estua izan dute beti. 1850az geroztik zeuden bertan fraideak, eta azkarki parte hartu dute herriko gizartean. Pelle Errezarret Zabalik elkarteko lehendakariak hurbiletik ezagutu du frantziskota-rren bilakaera, eta Donapaleuren eta etxe horren arteko lotura nabarmendu du.

«Frantziskotarren etxea beti izan da zabalik nornahiri, eta hemengo jendeak hori asko preziatu du», nabarmendu du. Izan ere, Donapaleutik hedatu zen frantziskotarren kongregazioa Estatu frantsesean. Baina historikoki daukan garrantzi horretatik at, ideietan aitzindariak izan dira, gainera, Donapaleuko fraideak. Eta, aurrerakoi izateagatik ere, kongregazioarekin harreman gorabeheratsuak izan zituzten.

Alde horretatik, 1850ean kongregazioa bertan kokatu ondoren, komentua 1938. urtean eraiki zuten bertako familia batek eskaini ondasunak salduta. Manex Erdozaintzi-Etxart bertaratu zen garaian, Akitania probintzian gogoetak hasi zituzten. «Liberazioaren teologiari buruzko gogoetak ziren, eta laikoekin batera egin zituzten. Bokazioa behera egiten ari zen, eta ez zuten beste aterabiderik ikusten: etxea laikoei ireki behar zieten», argitu zuen Pelle Errezarretek.

Ideia aitzindari horiek, halere, Zabalik elkartekoen esanetan, ez zetozen bat Frantziskotarren ordenan zeuden kide guztiekin, eta behin baino gehiagotan etxea ixteko mehatxuak izan ziren: «Probintziako buruzagiek ez dute sekula izpiritu hori sostengatu». Etxea ixteko saioak izan baziren ere, Donapaleuko fraideen indarrari eta Zabalik elkartearen dinamikari esker, joan den osteguna arte jarraitzea lortu dute.

Hiru urteko hitzarmena

Arazo guztien gainetik, laikoekiko lotura eta «anaitasunaren izpiritua» izaten jarraitzea erabaki zuten Donapaleuko frantziskotarrek.

«Garai horretan, populuaren barnean bizi behar zutela eta kristautasuna osoki biziari lotu behar ziotela iritziak barneratzen hasi ziren. Izpiritu zabal bat sortu nahi zuten, nornahiri irekia. Donapaleuko, Paueko eta Beziers-eko komentuekin bat egiten zuten, ber izpirituan baitziren», adierazi zuen Errezarretek.

Gogoeta horien erdian, urte batzuk geroago sortu zuten Zabalik elkartea. Bi xede zituen: harreragune bat sortzea eta kultur animazioak bultzatzea.

Frantziskotarrekin estuki lan eginez, 1993az geroztik beilariak, ahal gabeko familiak, elkarteen bilkurak, ikasleak eta beharrean zegoen beste edonor jasotzen aritu dira.

«Hitzarmen bat finkatu genuen frantziskotarrekin. Hiru urtetik behin berritzen genuen, eta bertan, Zabalik elkarteari erabiltzeko uzten ziotela jartzen zuen», gehitu zuen Errezarretek.

Baina garai horretan, 1990ean izandako Kapituluan, kongregazioaren biltzar nagusian, Donapaleu itxi behar zela erabaki zuten.

«Garaiko Bertrand fraideak indar handia zuen kongregazioan, eta elkartea bertan zegoela-eta mantentzea lortu zuen», azaldu zuen.

Urteek aurrera egin ahala, Zabalik eta frantziskotarrak elkarlanean aritu dira. Baina erlijioak gero eta jende gutxiago erakartzen duenez, fraide bakarra geratu zen bertan, beste guztiak zendu baitziren. «Santxo fraidea bakarrik geratu zen, eta oso garai gogorrak izan ziren harentzat. Zabalik elkarteak laguntza handia ekarri zion. Eta, etxearen garapenean parte-hartze handia izan dugu», nabarmendu du.

Urtebetez jarraitu

Beilari kopurua handitu egin zen garai berean. 1993an 200 bat zituzten, eta 2003. urtean 2.000 izatera iritsi ziren. Baina egindako lan horrek guztiak 2002tik goiti «porrot» egin du.

«2002. urtean bihurgune bat bizi izan genuen», esan du Errezarretek, eta bertaratu ziren belaunaldi gaztez osaturiko fraideek hasieratik frantziskotarrekin sorturiko «izpiritu» horrekin ez zutela bat egiten nabarmendu du. «Bost fraide iritsi ziren, eta argi zen ez zirela batere aurreko belaunaldiarekin ados», azaldu du. Bost horietarik hiru bi urteren buruan abiatu ziren, eta gutxinaka, bertan geratu ziren bi frantziskotarrak etxean egiten ziren ekintzak «oztopatzen» hasi ziren. Zabalik elkartearekiko harremana txartzen hasi zen.

«Dirua irabazteko eginak ziren gauzak ixten hasi ziren emeki; gero eta jende gutxiago joaten zen. Fedeari loturiko jendea bakarrik nahi zuten komentuan», esan du Errezarretek. 2004an, Zabalik elkarteko kideek argi ulertu zuten 2002an hurbilduriko frantziskotar horiek etxea dinamizatzera baino areago «haustera» heldu zirela. «Gero jakin dugu bertan zegoen fraidea beste bi etxe ixtera deitu zutela Estatu frantseseko beste bi lekutan», adierazi du.

Horiek hala, kongregazioarekin harremanak txartzen hasi ziren, eta berrikitan Zabalik elkarteko kideak auzipetu dituzte. Auzia astelehenean egin behar zuten, baina horretara heldu aurretik, Zabalik elkarteak frantziskotarren proposamenak onartzea erabaki du.

Halere, ostegunean komentuaren gakoak itzuli aitzin, Zabalik etxea atxikitzeko borrokatu da. 2005eko Kapituluan frantziskotarrek komentua ixtea erabaki bazuten ere, elkarteak informazio bilkurak antolatu zituen, eta etxe horretan hainbat urtez egiten aritu den lana jarraitu nahi izan du.

«Batzuek etxea guhaurk erosi behar genuela proposatu zuten. Baina Herriko Etxeak erosteko lehentasuna zuenez gero, etxe hori eremu publikoan geratzea nahi genuen, betiere, harreragunea atxikita», nabarmendu zuen. Etxeko jabeekin eta Herriko Etxearekin bilkura ugari izan dute, baina horiek guztiek porrot egin dute. «Etxeko jabeekin harremanetan jarri ondoren, gurekin abokatu baten bidez baizik ez zutela hitz eginen erran ziguten», nabarmendu du.

Gorabehera horien guztien ondotik, azkenean, 2005eko urriaren 1ean, etxeko gakoak berreskuratu zituzten Zabalik elkarteko kideek. Eta, urte batez lanean jarraitu dute.

Ostegunean lekua hustu aitzin, Zabalik elkarteak berek antolatutako Manex Erdozaintzi-Etxarten liburuei buruzko liburutegia eta 15.000 euro lortu ditu.

«Etxearen historia egiterakoan, Zabalik elkarteak kudeaketan lan handia egin duela idaztea nahi genuen. Baina ez digute onartu. Halere, gakoak itzultzea erabaki dugu», bukatu du Errezarretek. -



Nafarroa Behereko museoaren kokagune

Frantziskotarren etxea Donapaleuko Herriko Etxeak 500.000 euroan erosi du. Hasiera batean, etxea guztiei irekia izanen dela aipatu bazuen ere, bertan Nafarroa Behereko museoa egitekotan dela agertu du Herriko Etxeak. Proiektu horretatik at, etxearen 835 metro karratuekin zer eginen duten oraindik ez dakite. Halere, Zabalik elkarteak zerbait ziur du: Herriko Etxeak Zabalik bertatik kanporatzeko xedea zuen. «Argi da guretako frantziskotarrak eta La Toulousaine sozietatea lan txarra egitera behartuak izan direla, Herriko Etxearen presioei eutsiz», esan zuen Errezarretek. Elkartearen ustez, auzapezaren eta frantziskotarren arteko loturak aspaldidanik abiatuak ziren. «Tratua egina zuten. Ez dugu frogarik, baina gertakizun batzuek hori ulertarazi digute. Tratu horretan dirua zegoen gibeletik», esan du.



«Hutsune handia sortuko da»
Zabalik elkarteak ostegunean frantziskotarren etxea hustu ezkero, herriko Mediatekan du egoitza. «Joatera behartuak izanen ginela jakinez, Herriko Etxearekin bildu ginen, baina harremana gero eta gogorragoa izan zen. Ez ziguten lekurik eman nahi», nabarmendu du Errezarretek. Egoera ikusiz, herri elkargora jo zuten, eta azken horrek Donapaleuko Mediatekan kokagune bat eman zien Manex Erdozaintzi-Etxart-en liburutegia jarri ahal izateko. «Azken urteotan gertatu den guztia ikusiz, eskaintza hori gauza positiboa izan da guretzat», gehitu du. Ordura arte beilariak eta etxe gabekoak jasotzeko zeukaten materiala Donibane Garazin beilarientzat ireki duten elkarte bati saldu diote. Kultura arloan lan egiten jarraituko du elkarteak. Halere, etxearen itxierak hutsune handia sortuko duela adierazi du Zabalik-ek. «Etxea hutsik da; alta, behar handia dago. Beilariak eta ikasleak etortzen zaizkigu oraindik leku eske», adierazi du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El abrumador respaldo a la mesa de diálogo desborda los discursos de los partidos
Euskal Herria
Batasuna tilda de «maniobra de despiste» las palabras de Rodríguez Zapatero
Euskal Herria
La Ertzaintza detiene en Gasteiz a dos jóvenes a los que imputa «kale borroka»
Ekonomia
Nobel para el banco de las mujeres pobres
Mundua
El Acuerdo de Saint Andrews sienta las bases para la reinstauración de las instituciones
Euskal Herria
El Estado espańol suspende otro examen sobre torturas de la ONU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss