Abertzale bat jipoitu dute 10 ezezagunek Donostian
DONOSTIA
Ostiral goizaldeko 5.30 inguruan, elastikoetan bandera espainola eta antzeko ikurrak zeramatzaten hamar bat ezezagunek gazte bat jipoitu zuten Donostiako Gros auzoan. GARAri adierazi diotenaren arabera, gaztea hiru lagunekin zegoen atzetik 3 ezezagun berarengana zuzendu eta astindu zutenean. Aurpegia zauriz eta odolez betea, ezpaina apurtua eta buru, belaun eta bizkar osoa kolpez betea utzi zioten ezezagunek.
Egunkari honi esandakoaren arabera, buruan ukabilkadak ematen hasi eta lurrera bota zuten gaztea. Bula- rra zapaldu zioten eta etengabe jo zuten. Harekin zeuden hiru lagunak tartean sartu zirenean beste zazpi ezezagun bertaratu ziren. Gazteek salatu dutenez, erasotzaileak «ondo jotzen zekitenak ziren, ez ziren edonor».
Jipoitutako gaztea lurrean zegoela, ostikadak ematen jarraitu zuten guztiek, eta haren lagunak mehatxatu eta iraindu zituzten.
Oihuka eta iraintzen alde egin zuten hamar erasotzaileek BMW markako autoetan eta honakoa esanda mehatxatu zituzten: «Ez dakizue nor garen». Lau gazteak etxera zihoazela, erasotzaileak berriz ere euren albotik igaro omen ziren autoetan iseka eginez.
Gorputz guztian kolpeak eta aurpegian eta belaunean zauriak ditu orain Donostiako gazteak.
|