BURLATA
Aurten ere, iaz egin zuen bezalaxe, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) mintzaideek aurtengo Nazio Eztabaidan parte har dezaten lanean ari da Nazio Eztabaida Gunea.
Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Argi Perurena, Anabel Egues eta Daniel Dergi dira Euskal Preso Politikoen Koletiboko mintzaideak, baita Nazio Eztabaida Guneko kideak ere. Haien ekarpena bideratu ahal izateko, Estatu espainoleko eta frantseseko espetxe zuzendaritzengana zuzendu da hiru eskaera egiteko.
Batetik, lau kideak hilaren 29ko Nazio Eztabaidan egon daitezen beharrezkoak diren neurriak hartzera deitu ditu. Bestetik, eztabaidarako dokumentazioa jaso eta landu ahal izateko presook trabak izan ez ditzatela eskatu du. Azkenik, euskal preso politikoek kolektibo bat osatzen dutenez, kolektibo moduan aritzeko oztopoak ez ezartzeko exijitu du.
Nazio Eztabaida Guneak iaz egindako ahaleginean isiltasuna aurkitu zuela salatu eta aurten, haien eskaera aintzat hartzeko deialdia egin die bi espetxe zuzendaritzei.
Naziogintza indartzeko helburuarekin Burlatan datorren hilaren 29an izango den Nazio Eztabaidan, «herritar ororen parte-hartzea ezinbestekotzat» jo du, eta hori ahalbidetzeko konpromisoa berretsi du.