GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-10-16
Mikel ETXEBERRIA | Garraiolaria eta Hiru sindikatuko idazkari nagusia
«Desberdina da benetako autonomoa izatea ala ‘autonomoa’»
Errepideko garraioan izaten diren istripuen aurkako Nazioarteko Astea izan da duela gutxi. Hitzordu hori aprobetxatuz, Euskal Herriko garraiolari autonomoen Hiru sindikatuko idazkari nagusi Mikel Etxeberriarekin hitz egin zuen GARAk. Autonomoak bilduko lituzkeen eta babesa emango liekeen tresna berritzaile bat sortzeko bidean daudela jakinarazi zuen.

Mikel Etxeberriak hiru urte daramatza HIRU sindikatuko idazkari nagusi eta hogei urte garraiolari lanetan. GARAri egindako elkarrizketa honetan, aipatutako sindikatuak ordezkatzen dituen garraiolari autonomoek esku artean dituzten proiektuen berri ematen du, baita langile horien egunerokoa zein den azaldu ere.

­Lan kontuak direla-eta, Bretainiatik etorri berria zara duela ordu gutxi. Nola joan da bidaia? Arazorik?

Euskal Herri eta Estatu frantsesaren arteko bidaiak egiten ibiltzen naiz. Azken lana nahiko txukun eta ondo atera zait, uste baino lehenago bueltatu bainaiz etxera. Bizkaian burdinak kargatu ­Ugaon, hain zuzen ere­ eta Nantes inguruko herri txiki batean hustu ditut. Nantesen burdina kargatu dut berriro eta Bizkaira bueltatu naiz, han deskargatzeko. Bi egun behar izan ditut: egun bat igotzeko eta bestea jaisteko.

­Nola izaten da astea zuretzat? Zenbat egun egiten duzu lan?

Normalean, lana txukun ateraz gero, astelehenean ateratzen naiz eta asteazken gauerako etxean nago. Bigarren bidaia egiten dut ondoren. Ostiralerako edo larunbat goizerako etxean izaten naiz berriro. Hau nire kasua da. Beste batzuk Alemaniara joaten dira eta ia aste osoa ematen dute kanpoan. Hilabete osoa etxea zapaldu gabe izaten diren kanpotar gidariak ere badaude.

­Zer-nolako arazoak topatzen dituzue eguneroko lanean?

Autonomoa izanda, dena da oztopo. Etengabe borrokan ibili beharra dago. Karga bilatu behar da, karga horrekin zer egin jakin... Unean unekoa konponduz gero, egunean bertan ibili beharra dago hurrengo egunekoa bilatzen. Beti egun bat aurreratuta egon beharra dago. Dena den, desberdina da benetako autonomoa izatea ala «automonoa», hau da, enpresa handi baten menpe egotea. Kasu horretan, erabakiak ez ditu norberak hartzen. Kristoren inbertsioa egin eta tresna guztiak enpresa horren zerbitzura jarri behar dira, besterik ez. Lan egiteko modu horrekin buruko min gutxiago izaten da, baina horrek bere prezioa dauka.

­«Benetako» autonomo horiek nola aurkitzen dute lana?

Autonomoen artean lana bilatzeko era desberdinak daude. Batzuek euren aldetik aurkitzen dituzte kargatzeko tokiak, eta beste batzuek, agentzien bitartez. Azken horiek agentziari kopuru bat ematen diote. Nik senaren bitartez bilatzen dut lana. Ikasten joaten zara non dauden kargak eta karga horiek zein bide hartzen duten. Nire kasuan, beste garraiolari batzuekin funtzionatzen dut. Zazpi bat autonomo ibiltzen gara elkarrekin, lana banatuz. Bezero batzuk ditugu gureak direnak, baina lana falta denean ez dugu lotsarik agentzietara deitzeko. Bakoitzak bere arrazoiak ditu autonomoa izateko ala ez izateko. Nire arrazoia da lan egiteko era honek sortzen duen adrenalina gustatzen zaidala.

­Bideko Aterpe eta autoaseguruaren gisako egitasmoak arrakastaz garatu dituzue. Lehenak, gasolioa prezio merkeagoan eskaintzea ahalbidetu du; bigarrenak, matxurarik izanez gero, garraiolariek ­ez aseguru-etxeek­ kamioia atoian eramateko balio du. Une honetan, Hiru sindikatuak ba al du bestelako proiekturik esku artean?

Sindikatu bezala, proiektu berritzaile batean ari gara lanean, formula berri bat sortzeko beharra ikusten baitugu. Azterketak egin ondoren, egitasmo hau nahiko zehaztuta dugu. Autonomoak bilduko lituzkeen eta babesa emango liekeen tresna bat sortu nahi dugu, baina baldintza batekin: bazkideek autonomo izaten jarraitzeko aukera edukitzea, nortasuna galdu gabe, funtzionario soil bilaka ez daitezen. Autonomoen etorkizuna hortik doala uste dugu. Hain zuzen ere, 1990. urteko hamarkadan sortutako kooperatibetan eta S.L enpresetan, erakunde horiek autonomoa beretzen bukatu zutela konturatu ginen. Nik beti txoriaren adibidea jartzen dut. Kaiolan dagoen bitartean, janaria eta ura ziurtatuta du. Baina atea irekitzen zaionenean, txoria ez da gai kanpoan bizimodua aurrera eramateko. Elkarte berriarekin hori ekidin nahi dugu.

­Garraiolariek lan-istripuaren mamuarekin bizitzen ikasi behar dute, hots, errepide istripuaren mehatxuarekin. Zer diozu dituzuen arriskuez?

Egia esan, urte batzuetatik hona gauzak asko aldatu dira. Zortzi edo bederatzi orduko atsedenaren gisako legeek, hasieran horretara egokitzea zaila izan bazitzaigun ere, eragina izan dutela aitortu behar da. Dena dela, batzuetan kargatzerako orduan itxaroten ematen den denbora horretan gehiago nekatzen gara gidatzean baino. Gero, gainera, tentsiopean egoten gara. Niri askotan lasai nagoela iruditzen zait, baina gidatzen nagoelarik nirekin telefo- noz hitz egin izan dutenek kristoren oldarkortasunarekin mintzatzen naizela esaten dute.

­Arriskuez ari garela, zer iritzi duzu errepideen egoerari buruz?

Esaten zuten gidabaimeneko puntuak kentzen hasten zirenean istripuak gutxituko zirela. Egia izango da istripu kopurua gutxitu egin dela, baina neurri hori errepresiboa iruditzen zait. Dena dela, nik gogoratuko nuke Etxegaraten, obrak egin aurretik, istripuak izaten zirela sarritan, hildakoak eta guzti. Obrak egin eta gero, istripuak asko gutxitu dira. Zer gertatu da orduan? Bidea txarra zen lehen ala denok ikasi dugu gidatzen bat-batean?

­Errepidean kamioi gehiegi dagoela ere esaten da.

Muntatua dagoen sistemaren ondorioa gara. Eibarren egiten den burdina klase bera Paristik ekartzen da. Noren errua da hori, errepideak betetzen dituzten kamioiena ala sistemarena? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Interpretaciones dispares para explicar los ataques de buitres al ganado
Euskal Herria
«Reivindicamos autodeterminación y amnistía total para Euskal Herria»
Euskal Herria
Libres los jóvenes detenidos el fin de semana en Gasteiz
Mundua
Los sondeos prevén una segunda vuelta en Ecuador entre Correa y Noboa
Mundua
Apelan al juego limpio en la campaña catalana
Kirolak
El Athletic coge el tren de la victoria y casi descarrila
Euskal Herria
Mucho calor y masiva afluencia de euskaltzales a Nafarroa Oinez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss