Mikel Aramendi
Zenbaketak
Hildako asko dira 654.956. Hiru urte eta erdi jo eta su daraman gerra batentzat ere asko da. Okupatzaile estatubatuarren agintariek hala moduz aitortzen dituztenak halako hogei. Iraq Body Count ekimenak, hiloztegietara heltzen diren gorpuak kontatuz nagusiki, zenbaturik daramatzanak baino hamahiru bider gehiago. Baina lan metodologiaren fidagarritasuna aintzakotzat hartuz gero, kasik ezinbestekoa da ikerketa argitara eman duen “The Lancet” medikuntza aldizkari ospetsuaren zuzendariarekin bat ez etortzea: «Zifra zuzenak ematen dituen lan bakarra hauxe da, bertara joanda egin den ikerketa bakarra delako, inongo gobernurik ez erakunderik joan ez deneko lekuetaraino iritsiz Iraken barrena». Burnham, Lafta, Doocy eta Roberts-ek burututako ikerketaren edukiak zuzenki salatuta sentitu (behar) direnek ez dute oso ihardespen zorrotzik aurkitu. Bushen lehen erantzuna izan da ikerketaren emaitza ez zaiola sinesgarria iruditzen, ez berari ez Casey jeneralari, erabilitako «metodologia» ez omen delako fidagarria. Bere garaian suntsipen handiko armak «bilatzeko» erabili zen metodologia balekotzat eman eta haren emaitza itsuki sinestera iritsi bide zirenengandik etorrita, ez dirudi munduko gauzarik sinesgarriena Bushen aburu horrek. Kasta politiko bertsuko beste batzuen iritziz, «politika hutsa besterik ez da» ikerketa, eta emaitza zeharo puzturik egongo litzateke, hiru aste barruko hauteskunde erabakigarrietan errepublikarrei kalte egin ahal izateko. Fede kontua dela, azken finean, nori sinesgarritasuna eman eta nori ukatu erabakitzea pentsa genezake. Zehaztasun osoz jakin ezin dena ziurrenik sinesteko gaitasun kontua era batera edo bestera dela, alegia. Baina errazkeria ere izan daiteke «Auskalo!» hori. Izan ere, egia ala gezurra da “The Lancet”en argitaraturiko ikerketa honek dioen bezala, Irakeko hilkortasun tasa 5,5etik 19,8ra igo dela, mila biztanleko, 2003ko martxoa eta 2006ko ekaina bitartean? Nahiko konprobagarria izan behar luke oinarrizko zehaztapen horrek, sateliteetatik oihaneko tximinoak ia banan-banan zenbatzeko gauza omen gareneko garai honetan... Lautada soil batean hilobiak kontatzea aski errazagoa da. Horrelakoak egin ditzakeenak deusik ere ez egitea... hori bai dela aintzakotzat hartu beharreko datua. Sinesmen berezirik eduki gabe ere. -
|