Iñaki Iturriotz, aurrera
Berrehun bat lagun bildu ziren atzo Sestaoko Musika Eskolan Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa bertatik bertara ikusi ahal izateko. Iñaki Iturriotz nagusitu zen. Beraz, bertsolari igorretarrak lortu du txapelketako bigarren fasera zuzenean pasatzeko txartela. Gainerakoek, berriz, puntuazioari begira egon beharko dute.
SESTAO
Leire Bilbaoren aginduetara atzo Bizkaiko Txapelketako bigarren kanporaketan parte hartu zuten bertsolariak, hurrenez hurren, honela geratu ziren sailkatuta: Iñaki Iturriotz (400,5 puntu), Joseba Artza (393), Ander Elortegi (354), Itxaso Paya (340,5), Lander Ibarluzea (334) eta Peru Vidal (318). Beraz, Iñaki Iturriotz sailkatu da zuzenean finalaurrekoetarako, Gorka Ostolazak joan den astean Zamudioko kanporaketan egin zuen bezala. Gainerako bertsolariek, berriz, puntuei begira egon beharko dute. Egia esan, atzoko puntuazioak ikusita, Sestaoko bertsolariak, oro har, Zamudikoen azpitik aritu zirela esan daiteke.Nolanahi ere, “Bapatean Bizkaia”ko hirugarren kanporaketa (izan ere, aurten Bizkaiko Txapelketa Nagusiari izenburu hori jarri baitiote) datorren igandean izango da, Arrigorriagako Lonbo aretoan, arratsaldeko 17.30ean. Bertan, Oihana Bartra, Ion Barrocal, Jon Unanue, Javier Olibares, Urtzi Urrutikoetxea eta Olatz Ibarluzea arituko dira.
|