Tratu txarren biktimek etxebizitza bat alokatzeko bidea erraztuko da
GASTEIZ
Lakuako Etxebizitza Sailak tratu txarrak jasan dituzten emakumeek alokairuan etxebizitza bat lor dezaten bidea erraztu egingo duela iragarri berri du. Aldizkari Ofizialean jasotzen dira emakume horien alde martxan jarriko diren neurriak eta, besteren artean, erroldatuta egotea edo gutxieneko diru-sarrera zenbait izatea ez direla nahitaezko betebehar izango zehazten da. Gasteizko Gobernuaren agindu horren arabera, tratu txar fisikoak edo psikologikoak jasan dituzten emakumeek, beren askatasun sexualaren aurkako erasoak sufritu dituztenek edota mehatxuak, indarkeria edo askatasun falta izan dutenek baliatu ahal izango dituzte neurri berezi horiek. Horretarako, tratu txarren biktima izan direla egiaztatu beharko dute lehenik. Hartara, zentzu horretako epai judizial bat edo epaileak emandako babes agindu bat aurkeztu beharko dutela finkatu du Madrazok zuzentzen duen sailak. Hala ere, horien faltan nahikoa izango da tratu txar horiek egon direla egiaztatzen duen gizarte zerbitzuen txosten bat aurkeztea.Alokairuan etxebizitza bat lortzeko erraztasunak emate aldera, egoera gordin horietan dauden emakumeek ez dute nahitaez erroldatuta egon behar eta ez dituzte gutxieneko diru-sarrera batzuk izan behar. Hala ere, neurri horiek baliatu ahal izateko, Etxebiden izena ematea beharrezkoa izango da. Modu berean, ustez tratu txarrak eragin dizkien pertsonarekin harremana erabat eten dutela ziurtatu beharko dute emakume horiek.
Etxebideren kupo berezian
Behin baldintza horiek guztiak beteta, tratu txarrak jasan dituzten emakumeak Etxebidek beren gain adingabeak dituzten gurasobakarrentzat daukan kupo berezian sartuko dira alokairuan etxebizitza bat lortu ahal izateko. Gerta daiteke, hala ere, zuzenean lortu ahal izatea etxebizitzaren bat alokairuan «Etxebizitza hutsa» deritzon programaren bitartez.Bide hori jarraitu ahal izango dute tratu txarrak jasan eta udalek emakumeen harrerarako dituzten etxebizitzetan edo aldundiek kasu horretarako prestatutako etxebizitzetan dauden emakumeek. Hori bai, behin etxebizitza horietan egon daitezkeen epea agortu dutenean eta nora joan ez daukatela geratzen baldin badira.
|