GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-16
Probak egin ez dituzten minbizidunak zigortu nahi ditu Alemaniako Gobernuak
Osasun Ministerio alemana arlo osoa berritzeko erreforma bat lantzen ari da, eta asmo hori oraindik zirriborro hutsa baino ez den arren, hasiak dira lehen eztabaidak. Behin-behineko testu horrek dioenez, eritasuna zutela jakin aurretik horri aurrea hartzeko analisi eta probak egin ez zituzten eta egun minbizia duten gaixoei zigor bat ezarriko diete: beren sendagaiak eta terapiak ordaintzea. Pentsa daitekeenez, ordea, ez dute gizarteko sektore guztiek begi onez ikusi.

BERLIN

Osasun Ministerio alemanak atzo jakinarazi zuenez, Gobernuak zigorra ezarriko die minbiziari aurrea hartzeko azterketak egin ez eta ondoren gaixotasun hori garatzen duten pertsona guztiei.

Hori da behintzat osasun arloko erreformaren zirriborroak agerian uzten duena. Bostehun orritik gora dituen testu horrek dioenez, bere garaian, osasun publikoak eskaintzen dituen prebentzio probak edo azterketak egin ez zituzten eta egun minbizia duten gaixoek horri eta horren ondorioei aurre egiteko sendagaiak eta terapiak ordaindu beharko dituzte. Nolanahi ere, ez dute guztia oso- osorik ordaindu beharko, zirriborroak muga oso argi bat ezarri baitu: gaixoen soldata gordinaren %2.

Erreformaren atal horrek aldaketa nabarmena dakarkie minbizia duten alemaniar gaixoei, izan ere, orain arteko muga ezarri nahi dutenaren erdia baitzen: soldata gordinaren %1. Hori dela-eta, ez du jende guztiak begi onez ikusi erreformaren zirriborroak aurrez ikusten duen aldaketa hori.

Haserrea zeinbat sektoretan

Gaixotasun mutualitate nagusietako bateko (DAK) zuzendari Herbert Rebscher da aldaketa begi onez ikusi ez duen horietariko bat. «Araudi hau guztiz barregarria eta zinikoa da. Minbizia berez da patuaren oso kolpe gogorra», adierazi zuen kexati.

Alemaniako Elkarte Onkologikoko zuzendari Gerhard Ehninger ere antzera mintzatu zen. «Minbizia bezalako gaixotasun gogor bat jasatea gutxi balitz, gaixoak ekonomikoki ere baztertzen ditu araudi berriak», adierazi zuen. Gainera, leuzemia edo bronkioetako minbiziari aurrea hartzeko analisirik egon ere ez dagoela ekarri zuen gogora.

Lehendik gaixo zeudenei, ez

Kritika horiek entzun ondoren, Osasun Ministerio alemaneko ordezkari Klaus Vater-ek argitu zuenez, ordea, zigorra osasun zerbitzuak eskaintzen dituen azterketak eta probak ­umetokiko eta hesteko minbiziari aurrea hartzeko azterketak aipatu zituen­ egiten ez dituztenei baino ez diete ezarriko. Zehaztapen gehiago ere eman zuen Vaterrek, eta zigorra «osasun aseguru orok eskaintzen dituen prebentzio azterketa erregularren kasuan» baino ez dela aplikatuko azaldu zuen.

Horretaz gain, legeak «atzeraeraginezko efekturik» ez duela izango ere ziurtatu zuen Osasun Ministerio alemaneko ordezkariak. Hori dela-eta, prebentzio probak abian jarri aurretik ere gaixo zeuden pertsonei ezingo dietela zigorra eza-rri jakinarazi zuen Klaus Vaterrek.

Datu zehatzagoez galdetuta, lege erreformak aurrez ikusten dituen zigorrak 1962tik aurrera jaiotako gizonezkoei eta 1987tik aurrera jaiotako emakumezkoei bakarrik ezarri ahalko dizkietela adierazi zuen Vaterrek, hau da, 45 urtetik gorako gizonezkoei eta 20 urtetik gorako emakumezkoei.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Interpretaciones dispares para explicar los ataques de buitres al ganado
Euskal Herria
«Reivindicamos autodeterminación y amnistía total para Euskal Herria»
Euskal Herria
Libres los jóvenes detenidos el fin de semana en Gasteiz
Mundua
Los sondeos prevén una segunda vuelta en Ecuador entre Correa y Noboa
Mundua
Apelan al juego limpio en la campaña catalana
Kirolak
El Athletic coge el tren de la victoria y casi descarrila
Euskal Herria
Mucho calor y masiva afluencia de euskaltzales a Nafarroa Oinez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss