«Txiliku»k eta Mitxel Muruak fantasia aldarrikatu dute ipuin banaren bidez
Poxpolo kaxa Formula 1eko auto bihurtzeko ahalmena dute, edo harria espazio-ontzi. «Txiliku»k fantasia aldarrikatu nahi du, umeei bizipoz berezia ematen dielako. Eurentzat idatzi du «Alfonbra berria» liburua, Pertsiaraino hegaka joaten diren bi anai-arreben istorioa kontatzen duena eta Jesus Lukasen marrazkiak dituena. Fikzioaren eta errealitatearen paralelismoa da Mitxel Muruaren «Pello Telleriaren amets eroak»en ardatza ere. «Ondo jasotzen dute hori Eider Eibarren irudiek».
DONOSTIA
Bi ipuin bizi eta irudimentsu plazaratu ditu Elkar etxeak haurrentzat: Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren “Alfonbra berria” eta Mitxel Muruaren “Pello Telleriaren amets eroak”. Larrabetzun gertatua da lehendabiziko istorioa. Aiora eta Anartz anai-arreben egongelako alfonbra zahartu egin da eta berria erostera joan dira aitarekin. Ehunezko pieza gorri-laranja baten gainean eseri dira gazteak, eta honako eskaera egin du neskatoak: «Eraman gaitzazu etxera!». Magia gertatu da orduan, astiro-astiro dendatik atera eta zerura altxatu baita alfonbra. Lurralde ezezagun batera ailegatu dira hegaka. Tipula itxurako sabaia dute bertako eraikin batzuek. Pertsian daude.«Euskal ipuingintzan fantasia edulkoratu gehiegi ez ote dagoen galdegin zuen Patxi Zubizarretak orain dela gutxi aipatu zuen Zarauzko idazleak prentsaurrekoan. Nik fantasia aldarrikatu nahiko nuke, ordea, umeei bizipoz berezia ematen baitie. Seme-alabak haziak ditut jada, baina gogoan dut zein irudimentsuak ziren. Harri baten gainean jarri eta espazio-ontzian bidaiatzen ari zirela pentsatzen zuten». Duela zenbait urte Euskadi saria lortu zuen artistak Gianni Rodariren “Gramatica de la fantasia” irakurtzea gomendatu zuen: «Antropologiako datuak biltzen ari zela, jolasean zebilen haur talde bati begira egon zela kontatzen du bertan. ‘Gu zaldunak ginela’, esan zuten batzuek. ‘Ginela’ horrekin ametsen munduan murgildu ziren». Noizbehinka berak ere umeek bezala pentsatzen duela aitortu zuen Txilikuk. Horregatik bururatuko zitzaion alfonbra hegalaririk izan zitekeela.
Kroak! Kroak!
Irudimenaren bidez haurrek errealitateari bertze dimentsio bat ematen diotela uste du Mitxel Murua “Pello Telleriaren amets eroak” liburuaren egileak ere. «Protagonista tipo arraroa da, edo ez hainbeste hasi zen dagoeneko haurrentzako liburu batzuk kaleratuta dituen idazlea aurkezpenean. Amets arraroak izaten ditu, edo ez hainbeste. Lehendabizi zurrungaka aritzen bada ere, berehala hasten da igelen modura ‘kroak! Kroak!’ egiten. Arratsetan Pelloren bi izaerak elkartzen dira, gizakiarena eta animaliarena. Ametsek alderdi ezkutuak azaleratzen dituzte, eta ernatzen garenean maiz izaten ditugu borroka txikiak amestu dugunarekin. Gauza bera gertatzen zaio protagonistari ere».Igelaren eta eskorpioiaren istorioa kontatzen du Muruak liburuan. «Hargatik esango didate helduen gustukoa ere izan daitekeela. Poztu egiten naiz hori entzunda, seme-alabei irakurtzerakoan eurek ere ondo pasatuko baitute», ohartarazi zuen. Joxan Ormazabal editoreak baieztatu egin zuen ideia hori: «Ipuin fantastikoa eta filosofikoa da», erran zuen. Eider Eibar marrazkilariaren lana goraipatu zuen Mitxel Muruak: «Irakurketa asko izan ditzaketen irudiak egin ditu. Biziak eta ederrak».
«Amonak nobioa du» idatzi du Bilbaok
M. I.
DONOSTIA «Amonak nobioa du» Leire Bilbaok umeentzat kaleratu duen aurreneko liburua da. «Gustura egin dut dzanga haur literaturan, barretxoak eginez eta disfrutatuz», adierazi zuen ondarroarrak atzoko aurkezpenean. Ipuin errealista dela erran zuen Elkarreko Joxan Ormazabalek, “Eta zer?” saileko gainerako lanen antzera: «Arazo bat izaten da beti, eta hori konpontzen ahalegintzen da idazlea». Portua duen herri batean bizi da Bilbaoren ipuineko protagonista, Peru. Horregatik dago itsasoa hain presente. Ikaragarri atsegin ditu Peruk arrainak, jateko zein jolasteko, eta ontzi handiak maite ditu. Liluratu egiten du itsasoak, aita arrantzalea delako agian. Egun batean, inongo arrazoirik eman gabe, amona Luisaren etxean utzi du amak. Han biziko da denboraldi batez, eta aurkikuntza txikiak eginen ditu bitartean. Amonak nobioa duela jakinen du, Tomas izenekoa. Eta tarteka, komeni bada, gezur txikiak erran behar direla ere ikasiko du. «Amona deskribatuko du Peruk: modernoa da, ile horia, zigarro ugari erretzen du eta galtza bakeroak janzten ditu. Deskribatu ahala deskubritu ere egingo du. Gauza bera gertatuko zaio amarekin eta aitarekin ere», azaldu zuen udaberrian “Ezkatak” poema-liburua plazaratu zuen idazleak. Laburrak dira Peruren esaldiak, baina zintzo eta argigarriak ere bai sarri. Naturaltasunez hartu du mutikoak amak amonaren etxean utzi izana, eta ez dio arrazoirik eskatu. «Badaki bestela ito egingo litzatekeela arrainak uretatik kanpo bezala». Naturala irudituko zaio alargundutako Luisak bikotekidea izatea ere. «Amonak mimatu egiten nau. Zergatik ez du ba norbait izan behar bera mimatzeko?», pentsatuko du. Jokin Mitxelenak jarri dizkio irudiak istorioari. Irakasle ere izan da donostiarra, baina 1995az geroztik marrazten dihardu buru-belarri.
|