Pobrezia hurbil, haren amaiera urrun
Gaur, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, datuak ematen luza gintezke, noizbehinka estatistiketan agertu eta ikaratzen gaituzten datuak:gosea eguneroko lagun dutenen kopurua, pobrezia handian bizi diren munduko bizilagunak, horren ondoriozko gaixotasunak, lan egiten duten umeak... Adierazpen ugari entzungo ditugu eta denen ahotan elkartasun hitza egongo da. Baina batzuk egun honetako adierazpen arranditsuetan geratuko dira. Egia da, esaterako, G8k zenbait herrialde pobreturen kanpo zorra barkatzea erabaki zuela, baina hori ere, inongo konponbide ikusgarria ez izan arren, ez du bete. Badira sei urte Nazio Batuen Batzar Nagusiak muturreko pobrezia ezabatzeko Milurtekoko Adierazpena onartu zuela, eta oraindik haren helburua orduan bezain urrun dago.
Beste batzuek, ordea, pobreziari aurre egiteko adierazpenetatik harago, salaketa adierazpenak egingo dituzte, ez baitute egun bakarrean gogoratu beharreko arazotxoa denik uste, urteko egun guztietan lan egin behar dela uste baitute. Izan ere, ez da gaindituta dagoen kontu bat gogoratzeko eguna, baizik eta gaur egun edonon indarrean dagoena. Eta ezagutzeko, ikusteko, ez dago Euskal Herritik urrun joan beharrik. Gure herrian gero eta aberastasun handiagoa dagoen arren, hura gero eta okerrago dago banatuta eta, horren ondorioz, hainbat lagunek ez dituzte gizarte eskubideak bermatuta.
Bakan batzuk ez daude beren pribilegioei uko egiteko prest eta, beren diskurtsoak gorabehera, gure herrian horiek BPGren erdia baino gehiago biltzen dute; zergen zama handiena lan errenten gainean dagoela. Horretarako, jakina, erakundeen laguntza dute. Erakundeek, azken batean, herritarren elkartasuna edo elkartasun eza kudeatzen dute, eta gastu soziala ez dute lehentasuna. Bai, ordea, azpiegitura proiektu erraldoiak, esaterako, kapitalaren negozioentzat onuragarriak oso, baina gutxienez zalantzazkoak herritar gehienentzat eta, zer esanik ez, egoeraren ondorioak bortitzen jasaten dituztenentzat. Herritarrak egoera horretatik babestu ordez, hura ontzat jo eta haren araberako legeak egiten dituzte.
Bihar batzuk ez dira pobreziaz gogoratu ere egingo. Baina beste batzuek denen artean sortutako aberastasuna banatzeko, etxebizitzarako eskubidea, gizarte zerbitzu publikoak eta duintasunez bizitzeko adinako irabaziak eskatzen jarraituko dute. Beharbada hori guztia erokeria iruditzen zaio askori; hori erokeria eta normalak egoera horren erantzule diren politika ekonomikoak. -
|