Kirmen URIBE | Idazlea eta aktorea «Bitartean, heldu eskutik» lanean
«Erritmoz eta kolorez betetako lan bat da»
Kirmen Uriberen olerkiak oinarri dituen «Bitartean,
heldu eskutik» antzezlana aurkeztuta hasiko da gaur Baionako, Angeluko eta
Biarrizko Translatines jaialdia.
Nola sortu zen antzezlana?
Hau liburua Bordelen, hango Castor Astral argitaletxean, frantsesez argitaratu zelako jaio zen, eta han emanaldi berezi bat egin genuen, hango antzoki nagusian. Jaialdi handi bat bazen han Mira izena zuena, eta hantxe liburua aurkeztu eta emanaldi berezi bat egin genuen. Emanaldi horretako arduraduna François Mauget dramaturgoa izan zen. Berak bildu zituen aktore bat eta musikari bat, Monsieur Gadou izena duena, eta gonbidatu ninduten hara joatera eta han euskaraz poema batzuk irakurtzera. Haiek liburuaren irakurketa berezi bat egiten zuten, dramatizatua, landuagoa.
Oraingoan, zu ere taula gainean egongo zara, pixka bat aktore lanean.
Bai, nik zenbait poema irakurriko ditut euskara hutsean, eta haiek ere irakurriko dute. Emanaldi honetatik pertsonalki asko ikasi dut; haiek irakurri egiten dute eta niri irakurrarazten didate hemen irakurtzen ez den modu batean. Poema bakoitzak bere tonua du; soinuak lantzen dira; poema beraren musikalitatea atera egiten da. Nik uste dut hemen lauago irakurtzen dela, eta haiek poemei tonu diferenteak ateratzen irakatsi didate.
Musikak garrantzi handia du.
Bai, bai, ikaragarria. Gainera, oso musika ederra egin dio Monsieur Gadou izeneko musikariak. Berez, gitarra elektrikoa jotzen du, baina ikuskizun honetarako zerbait berezia egin nahi zuen. Giltza zaharrak, kateak, ukelelea, tronboia eta jostailuak ere erabiltzen ditu. Musika ateratzen du bazterrera utzitako objektuekin, erabilgarriak ez direnekin.
Erritmoa izango du, beraz. Ezta?
Bai, erritmoz eta kolorez beteriko lana da. Ni ohituago nago gauzak kontatzen, eta hemengo errezitaldi honetan poemak eta kantak soilik agertzen dira. Hitza eta musika hutsa soilik dira, eta niri kontzeptu hori gustatzen zait.
Nola aukeratu dituzu poema edo kantu horiek?
Poemak François Muget-ek aukeratu ditu, beraz, berak egin du ikuskizunaren bizkarrezurra. Nik ardura hori utzi nahi nion; nire lana beste norbaiten begietatik ikusi nahi nuen. Toki bakoitzean nire lanarekin jolasten uztea gustatzen zait, eta horrela ikuskizuna ere oso ezberdina da; beste arnasa bat hartzen du.
Aukeratu poesiekin zer joko sortzen duela esango zenuke?
Nik uste dut oso itsasokoa dela, eta portu giroko atmosfera sortzen da. Bestaldetik, koloretsua, tonalitate askokoa da.
Zuk euskaraz irakurtzen duzu, eta haiek, frantsesez; hizkuntzen arteko elkarrizketatzat jo daiteke?
Bai, hori, gainera, gero eta gehiago egiten da munduan, hizkuntzen nahasketa hori. Poema bera hizkuntza diferenteetan entzutea. Nik uste dut oso gaur egungo gauza dela, eta niri oso interesgarria iruditzen zait.
Testuen itzulpena egiten duzue?
Ez. Batzuetan poema bera da; beste batzuetan, diferentea da; beste batzuetan, erdi euskaraz, erdi frantsesez irakurtzen dugu. Inoiz ez da formula bera errepikatzen.
Bi hizkuntzetariko bat ez dakien norbaitek uler dezake?
Bai, jakina. Gainera, haiek irakurtzen duten moduagatik erreza da poemara iristea nahiz eta frantsesez ez jakin. Oso musikala da haien irakurketa.
Translatines jaialdirako sortutako lana al
da? Baionan eta Bordelen egiteko sortu genuen. Gasteizen eta
Bilbon ere egin genuen, baina Ipar Euskal Herrian lehenbiziko aldia da.
Berriro antzeztuko duzue?
Oraindik ez dakigu, frantses Estatuan baietz uste dut; pixkanaka ikusiko dugu. Baina oso pozik nago liburuarekin eta ikuskizunarekin. -
|